Ortziralean bukatuko da Lesakako inauterietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 18a, 18:00

Lanak aurkezteko epea ortziralean bukatuko da, 13:00etan. Aurkeztutako lanekin hilaren 24tik 27ra erakusketa eginen dute Harriondoan, herritarrek bozkatu ahal izateko.

Aurtengo inauteriak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du Lesakako Udalak. Kartelaren neurria A2koa izan beharko du (420 x 594 mm) eta bertan, derrigorrez, 2022ko INAUTERIAK LESAKAN otsailaren 24tik martxoaren 1era azaldu beharko da.

Lesakan jaioak edo bertan erroldatutako 18 urtetik goitiko pertsonek parte har dezakete eta aurkezten dituzten lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Irabazleak 250 euroko saria jasoko du.

Erakusketa urtarrilaren 24tik 27ra Harriondoan

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da Harriondoa kultur etxean, urtarrilaren 24tik 27ra (biak barne). Herri bozketak erabakiko du irabazlea, eta haren erabakia ezin izanen da gibelera bota. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, Lesakan jaioek edo bertan erroldatuak direnek bozkatzeko aukera izanen dute aipatutako egunetan.  Lesakako Udala jabetuko da lan sarituez eta bertzeak itzuli eginen dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun