38 bikotek hartu dute parte Beran Santa Barbarako kronoigoeran

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 17a, 11:00

XIV. Mendi Egunaren baitan, goizean eskalada tailerra eta txangoa egin zituzten, eta arratsaldean kronoigoeraren ondotik Jötunn dokumentalaren emanaldia izan zuten. 

Guztira 38 bikotek eta hirukotek hartu zuten parte larunbatean Berako XV. Mendi Egunean antolatutako kronoigoeran. 5,5 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten eta eguraldi ona lagun izan zuten. Aurten ez zuten Santa Barbarako kaskora ohiko mendi irteera antolatu, baina, mendizale askok zirkuitua osatzea erabaki zuten beren kabuz.
 
Bikoteak eta hirukoteak minutuko tartearekin atera ziren, eta bakoitzak dortsala bost minutu lehenago jaso zuen, pilaketarik gerta ez zedin eta pandemiaren kontrako neurriak errespetatzeko. Ohikoa den bezala, izena ematea doakoa izan zen, eta parte-hartzaile bakoitzak produktu gastronomikoak zituen poltsa bat eta buff bat jaso zituen lasterketa amaitzean. Aurten ere, denborak neurtu ziren, baina ez zen sailkapenik egin, ez eta saririk eman ere.
 
Covid-19a dela eta, ezin izan zituzten Mendi Eguneko ohiko ekitaldi denak egin, baina goizetik iluntzera arteko ekitaldiak antolatu zituen Manttale Mendi Lasterketa Taldeak. Goizean, Labiagara ibilaldi bat egin zen, eta ate irekien eguna izan zen Artxila Eskalada Taldearen Rokodromoan. Erlojupekoaren ondotik, kultur etxean Jötunn dokumentalaren emanaldia izan zen, Mikel Sarasola kayakista donostiarraren eskutik. 
 
Manttalek eskerrak eman nahi dizkie Mendi Eguna ospatzeko aukera eman duten boluntario, parte-hartzaile eta ikusle guztiei. «2023an egoera normalera itzultzea espero dugu, urtero egiten ditugun jarduera guztiak berreskuratzeko, Xabier Zubietaren, Xabier Saralegiren eta Loro Pikabearen oroimenez».
 

Nahia Fagoagaren argazkia irabazle

Lehendabizikoz, Bortzirietako mendien argazki lehiaketa antolatu du Manttalek. 33 argazki jaso dituzte denera eta Berako Nahia Fagoagak irabazi du epai-mahiaren saria. Maddalen Jimenezen argazkia, izan da, aldiz, Instagramen bozka gehien jaso dituena. Martiko produktu-sorta bat jasoko dute sari gisa biek. 
 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun