Abeltzaintzako azpiegiturak moldatzeko 38.000 bat euroko partida onartu du eta lan nagusiak Otsuneko borda, Egusuta, Laraburuko borda eta Galtzadako bidearen inguruan egin nahi ditu. Mendiko lanetarako, berriz, bertze 55.000 euro inguru aurreikusi ditu. Batetik, Ametzokon, Bulatsegin eta Argatsoron birlandaketak egitea aurreikusi du eta bertzetik, Bulatsegin, Unanuan, Zerrado aldean, Ametzokon eta Argatsoron garbiketa lanak.
Bertze zenbait lan ere egin nahi ditu udalak aurten, baina «dirulaguntzak hartzeko esperoan gaude», adierazi du udalak. Horrez gain, «aurten Toki Inbertsioen Planeko dirulaguntzak banatuko direla» oroitarazi du: «Horri esker, inbertsio gehiago egiten ahal izanen dira».
Euriteen ondorioak aztertzen
Bertzetik, abenduko euriteek sortutako kalteen inguruan memoria teknikoa egiten ari direla azaldu du Dabid Iturria alkateak. Nafarroako Gobernuak uholdeek kaltetutako udalerrien zerrendan sartu du Arantza eta hala, euriteen kalteei aurre egiteko dirulaguntza hartu ahal izanen du.
Euri erauntsiek hainbat kalte eragin zituzten. Horien artean, «urgentziazko lan batzuk» egin zituzten: «Meakako zuloa konpondu zen eta Aientsako pistan, Telleriko kurban urak gainezka egin zuen eta hori ere konpondu zen». Gainerako kalteen memoriarekin ari dira orain, «dirulaguntza deialdietara aurkeztu eta behar diren moldaketak egin ahal izateko».
Herri sarreran, Bideberri eta Erroitzineko borda artean sortutako zuloarekin ere laster hasiko da Nafarroako Gobernua, berea baita ardura. Zuloa beteta berehala ireki zuten eta orain, egonkortu denean, hasitakoari segida emanen diote. Alkatearen arabera, «hilabete erditsuan hasiko dira».