Ibilbidea
23 urterekin, Beti Gazteko jokalari garrantzitsuenetako bat zen Urki Txoperena Elosegi. Kategoria ttikietan herriko taldean hazi ondotik, 2014-15 eta 2015-16 denboraldietan Antiguoko gazte mailan aritu zen eta 2016an Beti Gaztera bueltatu zen. Joan den denboraldian ohorezko mailatik hirugarren mailara igotzea lortu zuen herriko taldearekin, historian lehen aldiz. Hirugarren mailan egin duen ibilbide laburrean ere bere seinalea utzi du Urki Txoperenak. Erran bezala, zortzi gol egin ditu Beti Gazterekin jokatu dituen hemezortzi partidan eta hirugarren mailan lehen dobletea hamargarren jardunaldian egin zuen, CD Vitoriaren kontra. Zelaiaren zati handia hartzen duen jokalaria da eta zelai erditik aitzinera, edozein lekutan joka dezake. Akordio batera ailegatzeko Beti Gaztek izan duen jarrera ona eskertu du Barakaldo futbol taldeak.
Barakaldo futbol taldea historikoa da. 1917an sortua, hainbat denboraldi eginak ditu bigarren eta bigarren B mailan eta hirugarren mailatik igotzeko helburuarekin ari da lanean denboraldi honetan. Helburu hori lortu ahal izateko lagun ona izanen dute Urki Txoperena, dudarik gabe.
Beti Gazte taldeari, aldiz, hirugarren maila mantentzeko helburu zail horretan bertze zailtasun bat gehitu zaio. Abenduan Irlandara joan zen Jon Ubiria, Extremadurara bueltatu zen Kevin Cortes eta orain Barakaldora joan da Txoperena. Halere, bigarren itzuli honetarako taldera bueltatu da Beñat Conde.