Joseba Aldabe Etxeberria

«Elite mailan zaudenean garrantzitsuena norberaren lana da»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 15a, 09:00
Argazkia: Bidaltxo Etxarte

Joseba Aldabe pilotari igantziarrak hirugarren denboraldia jokatuko du aurten Garfe enpresarekin, eta pilotaren munduaz mintzatu zaigu.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Pilotan aritzea aunitz gustatzen zaion 25 urteko igantziarra. 

Zein dira zure zaletasunak?

Pilota zein frontoiko edozein kirolez gain, neguan snowboard egitea, bideo-jokoetan ibiltzea eta lagunekin egotea.

Noiz hasi zinen pilotarekin?

7 urterekin hasi nintzen Igantzin. Ordutik, 12 urterekin Beran, 14rekin Donezteben eta 21ekin Iruñeko Oberena klubean ibili naiz. Orain ere Oberenan segitzen dut.

Eta profesionalki?

Garfen jokatzen zuen lagun batek gonbidatu zidan probatzeko partida bat jokatzera, atzelari bila zebiltzala eta. Partida nahiko ona jokatu eta orduan bertan sinatzeko deitu ninduten.

Hirugarren denboraldia duzu aurten enpresarekin. Nolako esperientzia izan da?

Ez da enpresa hagitz ezaguna baina izar haundien kontra jokatzeko aukera eman dit; Titin III.a, Merino II.a, Xala… Haiekin bikote zein aurkari gisa jokatzea hagitz esperientzia polita izaten ari da. Gainera, udan partida aunitz jokatzen ditugu eta horrek heldutasuna ematen dizu kantxan.

Bikotekako LENC 2021eko txapela lortu zenuen, espero zenuen?

Aurkezpenean Labakarekin nintzela jakin nuenean ongi ibiliz gero txapelketa on bat egiteko aukera izaten ahal genuela ikusi nuen, baina hortik txapelketa irabaztera aldea dago, maila handiko bikoteak zeudelako…

Aunitz entrenatzen zara?

Elite mailan zaudenean, garrantzitsuena norberaren lana da, fisikoki eta teknikoki hobetzea. Astean lau aldiz entrenatzen naiz; astelehen eta asteazkenetan gimnasioan eta astearte eta ortzegunetan pilota entrenamendua.

Nola ikusten duzu egungo pilota?

Lehen baino haur guttiago hasten dira pilotan, baina maila ona dago. Gaztetatik hasten dira ongi prestatzen eta etorkizun luzea dauka.

Zure erreferentea?

Abel Barriola. Teknikoki atzelari hoberenetakoa da eta bere dotorezia eta gizontasuna aunitz gustatzen zaizkit.

Zure asmoak epe motzera?

Espainiako txapelketan hainbatetan ailegatu gara finalerdira eta polita izanen litzateke irabaztea.

Eta epe luzera?

Munduko txapelketan behintzat aurre aukeraketan egotea. Konpetentzia handia da, beraz, ongi prestatu beharko dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun