Ortzirale gauerdian bukatuko da Berako XIV. Mendi Eguneko lasterketarako eta proiekziorako izen-ematea

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 12a, 19:00
Santa Barbara kronoigoera eginen dute larunbat arratsaldean.

Larunbat goizerako mendi irteera eta Artxila Rokodromoan ate irekiak antolatu dituzte. Arratsaldean, aldiz, kronoigoera eta Jötunn dokumentalaren emanaldia. Azken bi horietarako ezinbertzekoa da aitzinetik izena ematea Manttalaren webgunean

Urtarrilaren 15ean, Berako Mendi Egunaren hamalaugarren edizioa antolatu dute Manttale Mendi lasterketa taldeak eta Agerra Mendi Taldeak, Berako udalaren eta bertze zenbait erakunderen laguntzarekin. Bertan, Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi omenduko dituzte, 2007ko urtarrilaren 13an Taillon mendian hildako mendizaleak.

Egitarau zabala antolatu dute larunbaterako. Goizean abiatuko da eguna, 09:00etan. Bi hitzordu paratu dituzte ordu horretarako. Alde batetik, Labiagara txangoa eginen dute. Berako kiroldegi aitzinetik abiatuko dira eta Labiagara joan-etorria eginen dute, bueltarakoan Santa Barbarako kaxkotik pasatuz. Haur ttikiek aukera izanen dute Idoiako lepotik hasita txangoan parte hartzeko. Beharrezkoa izango da tutore batekin egotea.

Ordu berean irekiko dute  Zalaingo industriagunean dagoen Artxila Rokodromoa. Bertan, ate-irekiak izanen dira eskalada probatu nahi duen ororentzat 12:00ak arte. 

Arratsaldean izanen du segida egitarauak. 15:30ean abiatuko da binakako kronoigoera. Izen-emate guztiak online egin behar dira Manttaleren web orrian ortzirale gauerdira bitartean. 

Izena eman duten guztiek posta elektronikoz jasoko dituzte beren dortsal zenbakia eta irteera ordua. Korrikalariek irteera-ordua baino bortz minutu lehenago joan beharko dute irteera-eremura, jende pilaketak saihesteko. Irteera baino lehen eta kronoeskalada bukatu ondoren parte-hartzaileek maskara jarrita eraman beharko dute, eta ibilbidea egiten duten bitartean bakarrik kendu izanen dute.

Bikoteak minutu bateko tartearekin aterako dira 15:30etik aitzinera, eta azkeneko bikotea iristen denean bukatutzat emanen da kronoeskalada. Aurten, ez irteeran ez ibilbidean zehar ez da hornidura punturik egonen. 

Jötunn dokumentalaren emanaldia

Larunbatean 19:00etan Mikel Sarasola kayakistaren Jötunn dokumentalaren emanaldia izanen da kultur etxean. Sarasola bera Aniol Serrasolse kayakistarekin, eta Aleix Salvat eta David Nogales argazkilariarekin murgildu zen Islandian. Islandia da munduko ur-jauzi kontzentrazio handiena duen herrialdeetako bat, eta hori dela eta kayaka estremoa praktikatzeko leku garrantzitsuenetako bat. Dokumentalaren zuzendaria bera bertaratuko da emanaldira. 

Emanaldirako sarrera ere aitzinetik hartu behar da. Sarrerak Manttaleren webgunean zein Bizum bidez eros daitezke 647 296 104 zenbakian. Bizum bidez egiten bada, lehenago Manttaleren webgunean aukera hori hautatu behar da. 

Argazki lehiaketa lehenengoz

Argazki lehiaketa ere antolatu dute aurtengo ediziorako. Argazkien gaia Bortzirietako mendiak dira, eta urtarrilaren 14a bitartean parte hartzen ahal da Manttaleren webgunean

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun