Oskar Alegriaren ‘Zumiriki’ filma ikusgai izanen da urtarrilaren 15ean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 13a, 10:00
'Zumiriki' filman haurtzaroko paisaira bueltatzen da Oskar Alegria zinemagilea.

Larunbatean 19:00etan Harriondoa kultur etxean.

Oskar Alegriaren Zumiriki filma ikusgai izanen da urtarrilaren 15ean, larunbatean 19:00etan Lesakako Harriondoa kultur etxean. Sarrerak 2 eurotan daude salgai eta dagoeneko eros daitezke udalaren webgunean. Zuzendariak berak aurkeztuko du filma eta solasaldia izanen da.

Oskar Alegriaren hirugarren filma da Zumiriki eta 2019ko Veneziako Mostran aurkeztu zuen. Sevillako Zinema Festibaleko Nuevas Olas atalean film onenaren saria jaso zuen.

Sinopsia

Posible da oroitzapen bererat bitan bidaiatzea? Zinemagileak egurrezko etxola bat eraikitzen du ibaiertz isolatu batean, haurtzaroan jokatzen zuen irlatik hurbil. Egun, irla urperaturik dago, bere lurra ikusezina, urtegi baten pareta eraiki zutenetik. Irlako arbolek, haatik, oraindik zutik diraute, hautsitako jostailu baten mastak bailiran ur erdian. Hor dago enbor arteko airea, iragana berpizteko leku bakarra.

Oskar Alegriak lau hilabete eman zituen Gorrizan, irla horretatik hurbil dagoen basoan egindako etxola batean eta bertan grabatutakoak, haurtzaroan bere aitak hartutako irudiak eta bertze zenbait irudi biltzen dira zenbait adituk «maisulantzat» jo duten film berezi honetan, Hain zuzen, Zumiriki solasak erreka erdian dagoen irla edo uhartea erran nahi du, bere aitak artzain zaharrei aditua.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun