Karriketako argien auditoria egin du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 11a, 12:00
Berako Altzate plazako ikuspegia gauez.

Argiteria publikoko hamalau koadro ikuskatu eta guztira 702 argi-puntu identifikatu dituzte. 2011tik %38,5 murriztu da argiteria instalazioetako kontsumoa.

Berako karriketan dauden argiak aztertu ditu udalak Aizkorpe Koop. Elkarteari emandako lanarekin. Azterketak oraingo kontsumoa gutitzeko eta eraginkorragoa izateko proposamenak egiten ditu.

2011n egin zuen Berako Udalak azkenekoz kanpoko argiztapen instalazioen auditoria energetikoa, eta auditoria horretan, urtean 308.367 kWh-ko energia kontsumoa identifikatu zen. Geroztik, argiteria-instalazioetan hainbat jarduera egin dira energia kontsumoa murrizteko, eta azken auditoriarekin ikusi da energia kontsumoa %38,5 murriztu dela.

Guztira 14 koadro ikuskatu dira eta 702 argi-puntu identifikatu. Ondoko kale eta auzo hauetan daude koadroak:  Altzate, Bidasoa, Ugalzubia, Urruña, Sara karrika, Kaxerna, Kanttonberri, Zalain industrialdea, Eztegara, Bortziriak, Iturlandeta, Zalain, Suspelttiki eta Zia.

Energia elektrikoaren prezioa 2021eko ekainera arte normaltzat jotzen zen prezioa baino bortz aldiz handiagoa da egun. Auditoria honetarako, ordea, 2021eko ekaineko energia elektrikoaren prezioei eustea pentsatu da, datozen hilabeteetan aurreikusten delako energiaren prezioa lehengo mailara jaitsiko dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun