Lesakako Roqués organoari buruzko informazio bilera eginen dute ortzirale honetan

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 11a, 19:00
Jose Luis Etxetxipia organista ariko da solasean ortziralean, Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteko kideekin batera.

Herriko Etxeko pleno-aretoan 19:00etan azalpenak emanen dituzte Organoaren Lagunek Elkarteko kideek eta Jose Luis Etxetxipia organistak.

Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak organoari buruzko informazio-bilera irekia antolatu du urtarrilaren 14an, ortziralean 19:00etan Lesakako udaletxeko pleno-aretoan eta bertan parte hartzeko gonbita luzatu dio interesa duen orori. Bertan, Lesakako elizako Roqués organoaren balioa nabarmentzeko eta zaharberritzeko proiektuaren alderdiak eta egoera azalduko dituzte.

Hizlariak elkarteko kideak eta organoa ederki ezagutzen duen ANAOko (Nafarroako Organoaren Lagunen Elkartea) lehendakari ordea den Jose Luis Etxetxipia organista izanen dira. Duela gutti, Etxetxipiak eta Ruben Perez Iratxeta organogileak, Nafarroako Gobernuaren enkarguz, organoaren egoeraren azterketa zehatza egin dute. Azterketa hori aprobetxatuz, elkarteak zaharberritzerako soluzio edo esku-hartzeen oinarrizko memoria baloratua egiteko eskatu zion organogileari. Laburbilduz, proiektura hurbiltzeko aukera da, proiektuaren egoerari eta epe laburrera aurreikusitako jarduera-planei buruzko informazioa lortzeko.

Elkartetik, ekitaldian parte hartzera animatu dute, «organoa Lesakako ondare kulturalaren parte da, eta hitzaldi hauek honengana hurbiltzeko aukera ematen digute, hobeto ezagutzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun