Euriteak 2022.01.10

Bidasoan uholde arriskuagatik Beran larrialdiko 1. maila aktibatu dute

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 10a, 07:30
Abenduaren 9an bezala, Berako Izpoz karrika urez estaltzen hasia zen goizeko zazpietan. Argazkia abenduaren 9koa da.

Bidasoaren ur-goraldia dela eta larrialdiko lehen maila aktibatu dute Beran. Bidasoaren ur-goraldi handia, ubidetik hurbil dauden behealdeetan gainezka egin dezakeena. Ubidetik hurbil dauden eremuetan gainezka egitea eta NA-8304 errepidea (Beratik Zalain aldera doan errepide zaharra) moztea aurreikusten da. Hortaz, «kontuz ibili Bidasoaren ertzetan. Adi egon argibideei datozen orduetan».

Zer informazio hartuko dute beratarrek larrialdi maila bakoitza aktibatzen denean?


Udalak honako informazio hau emanen die herritarrei, testu-mezuen bidez eta udalak sare sozialetan dituen kanal ofizialen bidez.

  • 0 larrialdia: Bidasoa eta Ezkurra ibaien goi-ibarrean ur emari-igoera handiak erregistratu dira. Kontuz ibili Bidasoaren ertzetan, Beran. Adi egon argibideei datozen orduetan.
  • 1 larrialdia: Ibaiaren ur-goraldi handia, ubidetik hurbil dauden behealdeetan gainezka egin dezakeena. Ubidetik hurbil dauden eremuetan gainezka egitea eta NA-8304 errepidea moztea aurreikusten da. Adi egon argibideei datozen orduetan.
  • 2 larrialdia: Bidasoa ibaiaren edo Zia errekaren goraldi handia ikusi da goiko aldean. Datozen orduetan gainezka egitea aurreikusten da. Aurreikuspenen arabera, Beran ibai-ertzetako eremu zabalak urpean geldituko dira, eta datozen orduetan errepideetako eta karriketako trafikoari eragin diezaioke. Uholde-arriskua EDAR-en eta industrialdean. 
  • 3 larrialdia: –Larriena–. Datozen orduetan gainezka egitea aurreikusten da. Uholdeak herriguneko, poligonoko eta NA-8304 errepide bazterretako eremu zabalei eraginen die. Uholde arriskua Sara, Biriatu, Azkaine, Lapurdi eta Bortziriak karriken inguruetan. Saihestu beharrezkoak ez diren joan-etorriak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun