EGOITZ TELLETXEA ETXEPARE

«Bortz urte eman ditut Requiem hau idazten, ez da nire lehen konposizio-lana, baina bai mardulena»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 7a, 09:00
Egoitz Telletxea, berak konposatutako Requiem musika-piezaren partitura eskuetan duela.

Egoitz Telletxea Etxepare, Lesakako musikaria.

Bortz urteko lanaren ondotik bereziki organo eta korurako Requiem-a sortu du Egoitz Telletxea Etxeparek (Lesaka, 1987). Historiarekiko eta musikarekiko zaletasun handia du Telletxeak, baina berak ere onartzen du lan handia izan dela.

Zer da Requiem bat?

Meza bat da, hildako norbaiten omenez ospatzen den meza musikatua. Ez da hileta bat, baizik eta pertsona horren arimaren alde eskaintzen den meza. Musikaren historian aunitz idatzi dira. Artikuluren batean irakurri nuen 2.000tik goiti idatziak badirela. Normalean hil eta denbora batera ospatzen zen meza eta orduan jotzen eta abesten zen requiema. Requiemaren letra mezako letra da, letra liturgikoa, ez da aparte egiten den kantua. Gerora, XIX. mendean, musikaren zenbait korrontek requiemaren letra hartu eta ez zuten meza bat egiten, oratorio edo kontzertu moduko bat egiten zuten. Orduan Requiemak elizetatik kontzertu-aretoetara aldatu ziren. Hamasei zatiz osatua dago. Normalean hamabi izaten dituzte requiem standarrek, eta hauek aldi berean azpizatiak izaten dituzte. Badira laburragoak ere. Baina zatitan banatzearena subjektikoa da, konposatzaile bakoitzak bere modura zatitzen du letra, baina requiem klasikoak hamabi izaten dituzte. Nik hala egin nuen eta gero, bertze lau zati sartu dizkiot, zenbait requiem erromantikotan topatzen diren zatiak edo lurperatzeko orduan errezatzen diren otoitzak. Ordubete inguruko pieza izanen da, 130 orri ditu.

«Ordubete inguruko pieza izanen da, 130 orri ditu. Baina zaila izanen da noizbait dena osorik aditzea, zatiren bat beharbada… Niri ilusioa eginen lidake»

Organoaz eta ahotsaz gain, bertze zenbait musika tresnarentzat egindako lana da…

Organo eta ahotsarentzako pentsatutako pieza da, baina tartean tartean badira oboerako zatiak, metala (bi tronpa, bi tronboi, eta bonbardinoa) eta tinbala ere. Pixko bat suizida da, hori dena behar bezala armonizatu eta instrumentatzea ez da erraza eta seguruenik akats pila bat egin izanen ditut… goiti etorri nintzen eta erran nuen, ‘egin behar dugu gauza espektakularra’.

Zenbat denbora eman duzu lan honetan?

Bortz urteko sortze-prozesua izan da, 2015eko uztailean idatzi nuen lehenbiziko puska eta itxialdi garaian bukatu nuen, 2020ko maiatza aldera. Konposizio lana baino gehiago ikerketa garaia izan da eta hagitz ongi pasatu dut. Goi mailako musika formakuntzarik ez dut, autodidakta naiz konposizio munduan. Organoarentzat edo ahotsarentzat idaztea ez da edozer gauza. Ordu pila bat eman ditut organorako partiturak aztertzen, organo eta kororako daudenak, requiemak aditu eta irakurtzen, ikerketa lan handia dago, baina hori gustukoa dudanez, hagitz gustura aritu naiz. Ikusitakoaren eta ikasitakoaren arabera idazten eta konposatzen joan naiz, eragin ezberdinekin, gauza batzuk hemendik hartuz, bertzeak handik… Konpositore ezberdinen eraginak nabari dira.

Egoitz Telletxea Lesakako elizako aterik zaharrenaren aitzinean.

 

Requiema izaki, eskaintzetan, joan zaizkizunak izan dituzu burutan…

Requiem honen lehenbiziko puska, egitan, 2011n idatzi nuen, baina ez zuen requiem bat izan nahi. Irakasle bezala hasi berria nintzenean urte baten buruan bi ikasle hil zitzaizkidan, eta haiei omenaldi ttiki bat egin asmoz idatzi nuen… Geroztik, zoritxarrez, jende dexente hil zait inguruan eta haiei eskaini nahi nien. Omenaldi sentitua da, haien ohorez.

Grabaketa nola egin duzu, egiazko musikariekin?

Ez. Audio ttiki bat egin dut, MIDItik  Mp4ra pasatua neronek. Ez da musikariekin egina. Eta ez dut uste inoiz Requiem osoa grabatuko denik ere. Nik barrenean neraman, idatzi nahi nuen eta egin dut. Zaila izanen da dena grabatzea, izugarrizko despliegea beharko litzatekeelako. Lagunek eta koro munduan ibiltzen diren batzuk erran didate puskaren bat kontzertura eraman daitekeela eta estreinatzeko moduan izanen garela, baina pandemia garai honetan ez da erraza. Beharbada hemendik urte batera, bira edo hamarrera, puskaren bat aditzeko aukera izanen dugu. Niri ilusioa eginen lidake.

Musika ez ezik, hitzak ere hor daude, latinez gehienak

Latina hizkutza ederra da, boteretsua. Batxilergoan eta karreran ikasi nuen eta dokumentu zaharrak aztertzea gustatzen zaidanez suertatzen zait latinarekin lan egitea. Requiemaren letra ongi ulertu nahi nuen, letrak inspiratzen zidan musika konposatzeko ere. Latinean ez naiz inondik ere aditua, baina pixko bat kontrolatzen dut. Kontuan eduki 1970. hamarkada arte mezak latinez ematen ziren eta elizaren hizkuntza liturgiko eta ofiziala latina zen. Kontzilio Batikanoaren ondotik hasi ziren tokian tokiko hizkuntzetara itzultzen eta latina baztertu zen. Nire kasuan, hamabosgarren zatian Xabier Iratzederrek latinetik euskarara egindako itzulpen bati musika jarri diot. Jatorrizko olerkia Benediktarrek haien hiletetarako erabiltzen duten responso bat da eta latinez zegoen baina Iratzederrek euskaratu zuen eta bere itzulpenari musika jarri diot.

«Hamabosgarren zatian Xabier Iratzederrek latinetik euskarara egindako itzulpen bati musika jarri diot»

Zer harrera izan du zure inguruan?

Inguruan musikari aunitz ditut eta gehieneak ‘Nolako harrikada duzun!’ erran didate, ‘Nola sartzen zara horrelako jaleotan?’. Baina ezagutzen naute eta badakite zerbait buruan sartzen zaidanean egin egiten dudala. Inguruko jendeak harriduraz hartu du, baina zoriondu naute. Ni kontent, beraiek kontent, denak kontent … Sarean dago, Drive batean. Niri egindako lan guztiak partekatzea gustatzen zait, ez nire kajoian gordeta edukitzea. Norbaitek zerbait egin nahi badu partitura horiekin, ederki.

Egoitz Telletxea gustura egindako lanarekin.

 

Korurako, txarangarako eta musika bandarako piezak ere konposatu dituzu…

Bai, Requiem hau ez da inondik ere sortu dudan lehenbiziko pieza, baina bai horrelako tamainako lehen pieza. Orain arte musika bandarentzat idatzi dut, txarangarentzako, Trikitixa, gaita, txistuarentzat eta akordeoiarentzat ere badut zerbait. Idaztea beti gustatu izan zait, nik uste nire lehenbiziko pieza 15 urterekin idatzi nuela eta orduz geroztik aunitz idatzi dut, ikaragarri gustatzen zait. Pieza batzuk estreinatuak ditut eta bertze batzuk ez, baina idaztea da gauza. Egunerokotasunetik ateratzeko eta estresa kentzeko terapia ona da. Idatzi-urratu, idatzi-bota, idatzi-lagunen bati pasatu ea gustatzen zaion… bertze batzuk mendira joaten diren bezala niri hau gustatzen zait.

Baina historia eta musika zalea izateaz gain, futbolzalea ere bazara, edo zuk diozun bezala, “osasunazalea”, Bortzirietako Gorriak peñako presidentea. Nola uztartzen dituzu musika, kultura eta futbola (edo Osasuna)?

Ez naiz bereziki futbolzalea, egia erran eta futbolerako ez dut inoiz gaitasunik izan. Osasunazalea, bai. Nafar eta euskaldun bezala talde xume horrek islatzen dituen baloreak gustuko ditut, gainera taldearekiko atxikimendu berezia ematen dit jokalari batzuk ezagutu izanak. Partiduen bueltan sortzen den giroa hagitz gustokoa dut, lagunarte hori eta zer erranik ez Sadarrera joatea. Futbola, kirola den heinean kultura ere bada, bertze kontu bat da kirol honen inguruan sortu den guztia eta aunitzetan ikusi behar izaten ditugun eredu negargarriak. Musika? partida batera txaranga baten gibeletik joan denak ulertzen du zein den musikak futbolarekin daukan lotura.

Batzuentzat kontraesana ere izan daiteke kulturazalea eta futbolzalea izatea, musika klasikoko partiturak idaztea eta latinezko testuak irakurtzea eta igandetan Osasunako kamiseta eta bufandarekin taldea animatzea. Zuretzat?

Ez dago inongo kontraesanik. Jakinmina eta afizioak ez dute talkarik egiten hemen. Osasunak sufriarazten gaituenarekin tarteka latinez egiten dut otoitz (kar, kar). Artearen Historian katedraduna den bakarren bat ezagutzen dut Osasunako bufanda jarri eta eraldatzen dena…

Aurtengo denboraldian zer pieza jarriko zenioke Osasunari? Ez dadila Requiem bat izan bederen, ez?

Duela urte dezente Inpekables izeneko talde batek kaleratu zuen Gu beti Gorriak abestia jarriko nioke. Mexikar korridoaren airea dauka, oso alaia eta abestiaren mezua ere polita da. Badakizu, mariatxiak izan garenak…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun