Rosa Mari eta Jose Antonio Errandonea omendu ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 3a, 17:00
Rosa Mari eta Jose Antonio Errandonea Berako alkate eta zinegotziekin.

Abenduaren 31n eskertza omenaldia egin zien Berako udalak Jose Antonio eta Rosa Mari Errandonea Berako anai-arrebei herriaren alde egindako lan handiarengatik.

Aitor Elexpuru alkatea eta Jose Antonio Oiartzabal eta Esteban Agirre zinegotziak bertaratu ziren eta lore sorta bat eta plaka bat eman zizkieten. Ustekabe ederra izan zen beraientzat, ez baitzuten horrelakorik espero. 

Urte luzez Berako historia, ohiturak, kultura eta ondarea oinarri hartuz lan eskerga egin dute argazkigintzan, hemeroteka bilketan eta artxibo lanetan. Urte berriarekin bat, lan horietatik jubilatzeko erabakia hartu dute biek, nahiz eta beraien zaletasunarekin jarraituko dutela dioten.

Argazki berriak egin beharrean, zaharrak berreskuratzen arituko dira, orain arte bildutako dokumentazioa eguneratzen, sailkatzen eta txukuntzen. Esker oneko hitzak izan zituzten Rosa Marik zein Jose Antoniok, eta herritarrei zein komunikabideei urte hauetan eskainitako babesa eskertu zieten. 

Udaletik jakinarazi dutenez, «arraroa eginen zaigu herriko edoizein ekitalditan Rosa bere argazki-kamerarekin argazkiak ateratzen ez ikustea. Ekitaldietan zerbait falta dela sumatuko dugu». Berako Udalak bere esker ona luzatu nahi die Rosa eta Jose Antoniori, eta nahiz eta kaleko lanetik jubilatu, artxibo lanean eginen duten lanerako osasuna izan dezaten opa nahi diete. 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun