Lesakako kulturaren liburu xuria argitaratu du Sorginxulo kultur bilguneak

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 28a, 14:00
Lesakako kultur eragileak Harriondoa kultur etxeko atarian, Lesakako kulturaren liburu xuriaren aurkezpenean.

Udalaren laguntzarekin egindako argitalpena eskuragarrai dago herriko liburudendetan, liburutegian, turismo bulegoan eta udalaren webgunean.

Lesakako Sorginxulo kultur bilguneak, udalaren laguntzarekin, Lesakako kulturaren liburu xuria argitaratu du. Bere orrietan zehar, herriko 21 eragileren ezaugarriak, proposamenak, ohiturak eta kontaktuak aurki daitezke, eragile bakoitzak bere eskuz deskribatuak.

Soinulariak, trikitixak, antzerki taldeak, dantzariak, kantariak, musika banda, elkarte eragileak, etab. Irakurtzen duena ohartuko da denetik dagoela, eta denentzat. Sarreran aipatzen denez, herritar guzientzat sortua dago, baita kanpoko jendearentzat ere. Bertakoak, herrian dagoen aberastasun kulturala zehaztasun gehiagoz ezagutzeko. Kanpokoak, Lesaka bisitatzean gorputzaren barruan zein bihotz dabilen taupaka sentitzeko.

Lesakako kulturaren liburu xuriaren azala.

 

Nahi duenak Telletxea liburu-dendan eta Xagu liburu-dendan jaso dezake bi euroren truke. Liburutegian eta turismo bulegoan ere eskuragarri izanen dira, baita Lesakako Udalaren webgunean ere, edizio digital modura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun