Turistek eta herritarrek Lesakan atera berri den ginkana turistikoa probatzeko aukera izanen dute. Ginkana, Lesakako udala azken hilabeteetan garatzen ari den proiektua da eta egun hauetan estreinatu berri dute.
Olentzeroren jatorria izenburuarekin, pertsonaia honetan oinarritutako fikziozko istorio bat aurkezten digute: «Negua aurreratu omen da Lesakan eta bertako biztanleak ustekabean harrapatu ditu. Horregatik, Olentzerok Lesakako bizilagunak lagunduko ditu, hauei 12 ikatz zaku handi banatuz. Herritik barna enigmak gaindituz, Olentzerori bere misioa betetzen lagundu beharko zaio. Guztira, hamabi enigma, 90 minutuko jokoa eta kilometro eta erdiko ibilbidea, modu dibertigarri eta desberdin batean Lesaka herria eta Olentzero ezagutzen dituzun bitartean. Herriari buruz gehiago jakiteko eta familian, lagunekin, bikotearekin edo bakarrik disfrutatzeko plan ezin hobea».
Urteko 365 egunetan, 24 ordutan eskuragarri
Ginkana dohainik izanen da, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan eskuragarri egonen da eta Doloreetako Ama Birjinaren komentuan dauka irteera. Bertan, turismo bulegoan eta herri guztian barna jarriko diren QR kodeetako bat eskaneatuta, jokoan sar daiteke. Olentzerori bere zereginean laguntzeko ez da inolako aplikaziorik jeitsi behar eta nahikoa da mugikor bat edukitzearekin. Azkenik, azpimarratu behar da proiektu hau Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bati esker eta Gymkana Turística Digital enpresarekin batera garatu duela Lesakako Udalak, azken hilabeteetan martxan jarritako turismo planaren testuinguruan.