Olentzero eta jaiotzen lehiaketak eginen dituzte aurten Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 17a, 15:00

Iaz lehiaketarik ez zen egin, baina aurten olentzero ikusgarriak plazaratuko dituzte berriz ere.

Ohiko sariak banatuko ditu udalak baina arratsaldean talde irabazleak musika bandarekin egin ohi duen karrika-bueltarik ez da izanen.

1945. urtean antolatu zen lehen aldiz Olentzero lehiaketa Lesakan. Joan den urtean 75. urteurrena betetzekoa zuen lehiaketak, baina ez zen egiterik izan. Aurten, ordea, Olentzero eta Jaiotza lehiaketa antolatu ditu berriz ere udalak. Datorren ortziralean, abenduak 24, 12:00etan izanen da Lesakako Plaza Zaharrean, unean uneko osasun segurtasun neurriak hartuz. Azken urteetako ohiturari eutsiz, aitzinetik izena eman beharko dute taldeek abenduaren 23an, ortzeguna, 09:00etatik 14:00etara Harriondoa kultur etxean.

Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Jaiotzen lehiaketan, berriz, bi kategoria izanen dira: 10 urte artekoak eta 11 urtetik goitikoak. Sariak ere ohikoak eta adinaren araberakoak izanen dira (erraterako, 600 euro maila nagusiko irabazlearentzat), baina talde guztiek izanen dute bere saria. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitaez Olentzero buru haundia eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentzero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. Epaimahaia, herriko bederatzi pertsonez osatua egonen da. Olentzeroa edo Jaiotza, kanta eta janzkera baloratuko dituzte. Epaimahaia kioskoan egonen da eta honen espazioa errespetatu beharko da beraien eginbeharra oztopatu gabe.

Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian.

Hori bai, arratsaldean talde irabazleak musika bandarekin egin ohi duen kalejirarik ez da izanen aurten eta, honen ordez, arratsaldean herrian zehar eskean ibiltzera animatu nahi du udalak. Olentzeroak xehatuz gero biltzeak suposatzen duen kostua Olentzero talde horrek ordaindu beharko duela ere jakinarazi du udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun