Uholde arriskuari aurre egiteko plana aurkeztuko dute abenduaren 16an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 13a, 18:00

Uholde arriskuari aurre egiteko planaren nondik norakoak azalduko dituzte ortzegunean Lesakako udaletxean.

Ortzegunean 19:00etan hasita herriko etxean

Life Nadapta Europako proiektuaren barne, ortzegunean, abenduaren 16an, Lesakako Herriko Etxean, Uholde arriskuari aurre egiteko planaren aurkezpena eginen dute. 19:00etan hasita, Ladis Satrustegi Lesakako alkatearekin batera, Nafarroako Gobernuko hainbat teknikarik hartuko dute hitza. Helburua uholde kasuetan «kudeaketa hobetzeko moduari buruzko ezagutza handitzea» da, «herritarren eta komunitatearen babesa sustatzeko eta arrisku eta mehatxuei aurre egiteko».

Aurkezpen saioa 19:00etan hasiko da. Ladis Satrustegui alkateak ongietorria eginen du eta segidan Pedro Zuazo Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko buruak hitz eginen du. Bere ondotik, Amaya Ruizek, Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoko buruak, Life Nadapta proiektua aurkeztuko du.

Segidan, Lesakako uholde arriskuari aurre egiteko plana aurkeztuko dute Ladis Satrustegi alkateak eta Javier Loizu NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketako uraren alorreko kideak. Gainera planaren nondik norakoak aletuko dituzte Tesicnor enpresako  Santiago Pangua, David Gonzalez eta Beñat Uskola adituek eta galdera-erantzunetarako tartea ere izanen da. Ekitaldia borobiltzeko Jose Javier Boulandierrek, Nafarroako Gobernuko Babes Zibil eta Larrialdi Zerbitzuetako zuzendariak, hartuko du hitza.

Lesakarrei  eta Lesakako entitate publikoetako, gizarte eta ingurumen erakundeetako, tokiko garapen elkarteetako, kirol elkarteetako, enpresetako, partzuergoetako, nekazaritzako sindikatuetako kideei eta interesa izan dezakeen pertsona orori egin diete ortzeguneko aurkezpenera joateko deia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun