Larunbat honetan burutu da Bortzirietako taldekako 22. bertso txapelketa. Berako Kataku ostatuko lehen saioaren ondotik, Lesakako Antoiu eta Haizegua ostatuetan jokatutako finalerdietako gurutzaketak osatu zituzten eta finala Arrano elkartean izan zuten.
Katakuko lehen kanporaketan, Berako bertso eskolakoek kantatutako agurraren ondotik, lau laukote aritu ziren eta bakoitzari kolore bateko lepokoa egokitu zitzaion: lepoko arroxa Arroxalia taldeak (Aner Peritz, Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena eta Iratxe Muxika), lepoko urdina Ardo xorta bat taldeak (Iker Gorosterazu, Alazne Untxalo, Irati Ajesta eta Etxahun Azkarraga), lepoko berdea Perrexila taldeak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Iban Garro eta Loitzate Goñi) eta lepoko laranja Naranjari zukua taldeak (Josu Sanjurjo, Jon Gurrutxaga, Josu Txoperena eta Kattin Madariaga).
Berako Katakun kantatu ondotik, honela gelditu ziren finalerdietako gurutzaketak: Antoiun kantatzeko Arroxalia eta Perrexila eta Haizeguan kantatzeko Ardo xorta bat eta Naranjari zukua taldeak. Arranoko afalondoan egin zen finalerako Arroxalia eta Naranjari zukua sailkatu ziren eta finalean Arroxalia gailendu zen. Arroxaliako taldekide batek, Ekhiñe Zapiain beratarrak lortu zuen Kotto Saria ere, bertso onenari ematen zaiona.
Naranjari zukua taldeko Kattin Madariaga bertsotan Arranoko finalean.
Saioa Mitxelena, Izaro Mitxelena, Iñigo Olaetxea eta bertso eskolako gazteak aritu ziren epaile lanean. Gai-jartzaile lanean, berriz, Alaitz Rekondo, Maialen Belarra eta Ainhoa Larretxea aritu ziren.
Bertsoak ez ezik, musikak ere izan zuen bere lekua, trikitixa jotzen aritu baitziren saio guztietan bertso eskolako gazteak. Gainera, finalerdietan, Antoiun Hertzainak-en 564 kantua abestu zuten eta Haizegun Gatiburen Euritan dantzan eta kanta horiexek izan zituzten gartzelako gaia bertsolariek. Finalean, Pitxik Zubiriari kantu hunkigarria eskaini zion.