Patricia Errandonea Astondoa

«Jendeak erosketak aitzindu ditu»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 17a, 12:00

Historia luzeko denda da Berako Igone liburu, paper eta jostailu denda. 1977ko azaroan ireki zuen Ascension Astondoa beratarrak, eta aurten hartu dio errelebeoa  bere alaba Patricia Errandoneak. Dendari gisa, beraz, lehen gabonak izanen ditu Errandoneak, nahiz eta kontatu duen txikitatik ibili izan dela amari laguntzen dendan batetik bertzera.

Eguberriak hasi aitzinetik ere, azaro hasierarako  lan gehiago nabaritzen hasi zen Errandonea: «Bezeroek erosketak aitzindu dituzte. Jendea beldurrez dago jostailuak eta faltako ote diren» kontatu du.

Jostailuez aparte, bertzelako gauzak ere saltzen dituzte dendan: «Joko hezigarri anitz, panpinak, liburuak, margoak, eta baita eguneroko prentsa ere». Gabonetan, ordea, gehienbat joko hezigarriak eta liburuak izaten dira gehien saltzen direnak. Horretarako denda ere bereziki prestatu du, jokoei leku gehiago emanez.  Erosleen profila ere zehatza izaten dela dio Errandoneak: «Normalean opariak egiten dituztenak dira, aitatxi-amatxiak eta gurasoak gehienbat». Hala ere lagun ezkutuaren kontuarekin ere jendea dendara joaten dela kontatu du, normalean gauza txikiagoak erostera: «bitxikeriak, pinturak, koaderno bereziak, katiluak...».

Dendan lehenengo gabonak dituen arren, aski ongi daki Errandoneak urte sasoi zaila izaten dela eguberrietakoa saltzaileentzat: «Aukera zabala dugu, eta gustatzen zaigu bertako jendea hurbiltzea, baina jendeak ohitura handia du internetez erosteko edo kanpora joateko eta guretzat zaila izaten da. Saiatzen gara eskaintza zabaltzen, iragarkiak egiten...».  Pandemiak, hala ere, komertzio txikiei onurak ere ekarri dizkiola uste du, batez ere iaz mugak itxita jende anitz herrian gelditu zelako, eta aurten ere iazko bezero batzuk mantendu dituztelako.

Iaz ireki eta urtea bete berri duen toptopa.shop komertzioa ezagutarazteko herraminta garrantzitsua da Errandonearentzat, batez ere erakusleiho gisa balio duelako. «Pentsa, behin Madrilera ere bidali nuen pakete bat», kontatu du. Gabonak heldu ahala, gainera, mugimendu gehiago espero du online dendan, horretarako kanpainak ere egiten ari direlako.

Bi belaunaldi elkartu ditu Igone dendak, baina asmoa hasierako berbera da: erosleei  gertutasuna eta harreman pertsonalizatua eskaintzea. Hain zuzen, hori da Errandonearen ustez denda txikiek duten abantaila nagusia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun