Maxux Zubieta Portu

«Dendan hasi berria naiz baina ilusioarekin hartu dut»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 15a, 12:00

2021eko urriaren 1ean hartu zuen Maxux Zubietak Lesakako Bixkiak denda. «Rosa Lasaga erretiratu behar zen eta nik hartu nuen. Betitik izan ditut gustuko horrelako dendak eta aukera ona iruditu zitzaidan». 

Lehenbiziko aldia du saltoki bat eramaten, ostalaritzan egin baitu lan orain arte, eta «ilusioz» hasi da. Hala ere, «ikusten ez den lan aunitz badago gibeletik». Kiroletako arropa saltzen du bertan, lehen Rosak egiten zuen bezala; «haur, emakume eta gizonezkoentzako kiroletako arropa eta moda zerbait ere eskaintzen dut».

«Koronabirusaren ondorioz, batzuk Internetez erosten hasi ziren, baina 
badira bertako dendetan erosten hasi zirenak ere»

Hasierak beti dira zailak eta lana egin beharko duela argi du Zubietak, «bi hilabete bertzerik ez ditut egin baina zerbait badabil jada». Gabonetarako prestatzen hasia da; «arropa nahiko ekarri dut eta zerbait mugituko dela pentsatzen dut. Eguberriak sasoi ona dira lana egiteko». Lesakan jendeak herrian erosteko ohitura duela ikusten du, «eta aukera ematen bazaie, Eguberrietako erosketak hemen eginen dituztela uste dut». Koronabirusak horretan lagundu duela uste du; «herritik atera ezin zirenean, batzuk Internetez egiten zituzten erosketak, baina badira herrian bertan erosten hasi zirenak».

Lesakako Zerbitzu Elkartean sartuta dago Bixkiak «onuragarria» delako eta «denon artean gauzak prestatzen ahal direlako». Toptopa online saltokia da horren adibide garbia, Denok Bat federazioarekin hainbat elkartek sortua. «Salmenta gutti egin ditut oraingoz baina jendeak ikusten du eta ezagutzera emateko tresna interesgarria da». Interneta erosketak egiteko modu erraz eta erosoa izan daiteke, baina Zubietak argi du herrian lortzen ahal duena «bertan erosiko dudala». Herriko dendak konpetentzia izan daitezke, «baina gauza desberdinak saltzen ditugu denok».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun