Irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari da Berako Udala

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 9a, 19:00

Eztegara karrikan moldatu duten espaloietako bat

Eztegara pasealekuan liburutegitik Espidobaitara arteko espaloia moldatuko dute irisgarritasuna hobetzeko, eta Suspela auzoko Idoiako pista ere hormigoitu dute. 

Berako Udalak mugikortasunaren plana garatzen segitzen du eta oinezkoentzat, gurpil-aulkien erabiltzaile eta antzekoen erosotasunerako hobetze lanak egiten ari da herriko hainbat txokotan.  Eztegara pareko zebra-bidean irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ondotik, liburutegiko aparlekuko irteeratik Espidobaitara tarteko espaloia berritzen ari dira orain. Lan hauen kostua 42.222,28 eurokoa da.

Horrekin batera, Suspela auzoko Idoiako pista zatiak ere hormigoitu ditu udalak. Kotxeentzako egoera arriskutsuan zegoen, aspalditik kaltetua, eta bizilagunen erosotasunerako moldatu dute. Gainera, bizilagunez gain, hainbat herritarrek erabiltzen duten pista ere bada.

1.002 metro karratu hormigoitu dira, eta 153 metro kubiko hormigoi erabili dira horretarako. Obraren kostua 60.000 eurokoa izan da eta Berako Udalaren gain joan da gastu guztia. Bidean beherago ubide baten arketa ere moldatu dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun