Mairu Antzerki tailerrak Lesakako udalaren eta Arrano elkartearen laguntzaz antolatutako Keinu Leihoak Antzerki zikloaren hamazazpigarren edizioa egunotan egiten ari dira Lesakan. Halere, joan den larunbatean Maite Aizpurua Olaizolaren Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlanaren emanaldia bertan behera utzi behar izan zuten, aktorea ondoezik aurkitu zelako. Badute data berria emanaldirako, ordea. Erresistentzia arazo fisikoa da igande honetan izanen da, abenduak 12, 19:00etan Harriondoan.
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA –Maite Aizpurua Olaizola
Noiz hasten da promesa bat materia bihurtzen? Nola egin korrika norbere gorputzetik? Korrika ibiltzea azelerazioari, pausu markatuei men egitea da running-aren kulturan. Saltaka egiteko ordea, gorputzaren memoriaren txokoetan gelditzera gonbidatzen gaituen antzerki performanzea da honakoa.
Azkarrago harrapatzen ei zaio gezurtiari herrenari baino. Ibilian ibilian baina, egia entrenatzen den gezurra besterik ez da. Martxan dabilen promesa.
'Maringurua' abenduaren 10ean Arranon
Horretaz gain, Eneritz Artetxek idatziriko Karanbola hirukoitza liburua ardatz hartuta, euskal antzerki sorkuntzan emakumearen presentzia aztergai izanen dute Maringurua deituriko hitzaldi-ekitaldian, Bortzirietako Bertso Eskolako eta Mairu Antzerki Tailerreko zenbait kideren,eta Eneritz Artetxeren eskutik. Abenduaren 10ean, ortziralean 19:00etan izanen da hitzordua Arranon.
Maringuruan euskal emakume antzerki sortzaileen egoeraren gaineko azalpenak emanen dituzte, performance batzuez tartekatuta. Liburuaren edukiak hiru ataletan egituratuko dira eta atal bakoitzaren ondoren ikusle parte hartzaileei luzatuko zaie hitza. Modu honetan ikusleek gaiaren inguruan dituzten ideiak, bizipenak eta hausnarketak denokin partekatzeko aukera izango dute. Maringuruaren helburu nagusia emakume antzerkilarion eta, oro har, sortzaileon bizipenak zein ideiak partekatzea da, gai honen inguruan zuzeneko hausnarketa kolektibo bat osatzearekin batera.