Mairu Antzerki Tailerrak jasoko du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 9a, 08:00

Mairu antzerki tailerreko kideak 2018an 'Txoriak eta zauriak' antzezlana Berako kultur etxean eskaini zutenean.

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin abiarazitako Arnasa gara kanpainaren baitan, Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute aurten, arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzeko. Aurkeztu diren bederatzi egitasmoak aztertu ondotik, Lesakako Mairu Antzerki Tailerra izan da irabazlea. Guztira 23.000 euro jasoko dituzte, antzezlana bekaren oinarrietan zehaztutako baldintzen arabera sortzeko eta ekoizteko. Sormen prozesuan Dinamoa Sormen Gunea erabiltzeko aukera ere izanen du taldeak. Antzezlana, berriz, 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute.

Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Azpeitiko Udalaren, Dinamoa Sormen Gunearen eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ordezkari banak osatu dute epaimahaia, eta aurkeztu diren bederatzi lanak aztertuta, Intxaurra antzezlanak jasoko du Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka. 

Manex Fusch izanen da antzezlanaren zuzendaria, eta inguratzen gaituen ekosistemak guregan duen eragina islatuko du taldeak, Gaizka Sarasolak idatzitako testuan oinarrituta. Aktoreak, berriz, Ainara Ribera, Gaizka Sarasola, Iban Garro, Josune Etxepare Juanen Saralegi eta Ritxi Abril izanen dira. Horiez gain, Ibai Gogortzak (soinu diseinua), Andoni Mendizabalek (argi diseinua), Eduardo Condek (atrezzoa eta eszenografia) eta Martxel Rodriguezek (ekoizpena) osatuko dute taldea.



Ingurunearen eragina herriengan, hizkuntzengan eta jendearengan

Gaixorik dagoen Terexaren istorioaren bidez islatuko dute deialdiak eskatutakoa: arnasguneen garrantzia. Horretara heltzeko, ordea, inguruneak herriengan, hizkuntzengan eta jendearengana duen eragina islatzeko modua erabiliko dute Intxaurra antzezlanarekin. 

Taldeak proiektuaren laburpenean adierazi duenez, «Terexa gaixorik dago, baina ez bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan».

 

Erabaki zaila, kalitate handiko hainbat egitasmo interesgarri aurkeztu direlako

Mairu Antzerki Tailerraren Intxaurra saritzeaz gain, epaimahaiak berariaz nabarmendu nahi izan du Arnasguneak antzerki sorkuntzarako deialdi honetan jasotako proposamen gehienen kalitatea eta garrantzia. Zehazki, esku artean «kalitate handiko hainbat egitasmo interesgarri» izan dituela aipatu du epaimahaiak, eta «ez da erraza izan erabakia hartzea. Baina ez non aukeraturik ez zegoelako. Kontrakoa: ezinbestean lan bakar bat saritzera behartuta, interes handiko beste zenbait lan bidean geratu dira».

Beka jasoko duen egitasmoa aurkezteko agerraldia urtarrilaren erdialdera eginen dute bekaren antolatzaileek, Mairu Antzerki Taldeko kideekin batera. 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun