Prest dituzte abenduko kultur egunak Igantzin

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 30a, 08:00

'Ez dok hiru akustikoa' eskainiko dute Patxo Telleria eta Mikel Martínez aktore ezagunek abenduaren 7an.

Joan den urteko geldialdiaren ondotik, egitarau ederra prestatu du aurten euskara batzordeak. Azken hilabeteotan kultur egunak prestatzen aritu da Igantziko Euskara Batzordea, bi urteko etenari buelta emateko asmoarekin.

Indartsu hasiko dira kultur egunak: Joseba Asiron historialariak Nafarroaren konkista hitzaldia eskainiko du abenduaren 2an, ortzeguna, 19:30ean, Baratzondon. Horrekin batera Baratzondon bertan Nafarroako konkista artisten ikuspuntutik erakusketa ikusi ahal izanen da, hain zuzen ere Eneko Lizardi, Javier Etayo, Fidel Azkoaga eta Martintxo Altzueta marrazkilariek egina; erakusketa Baratzondon egonen da ondoko egunetan ere.

Abenduaren 4rako Igantziko Dantza Taldearen emanaldia iragarria zen, baina azken asteotan osasun egoerak izan duen bilakaeraren ondorioz, taldeak saioa gibeleratzea erabaki du. Emanaldia ilbeltzaren 7an eginen da, ortziralez, 19:00etan.

Igandean, abenduak 5, goizetik hasiko da besta. 10:00etan herriko txistulariek karrika buelta eginen dute, eta 12:00etan buruhaundi eta kankailuak aterako dira. Arratsaldean, 18:00etatik aitzinera, gazta eta opil jatea izanen da frontoian, Joxe eta Iñakik musikaz eta kantuz lagundua. Sarrera 5 eurokoa izanen da helduentzat, eta 2 eurokoa 12 urte bitarteko haurrentzat.

Abenduaren 6ko arratsaldea herriko haur eta gaztetxoei eskainia izanen da. Haientzako pelikulak emanen dira Baratzondon, 16:30ean 3-6 urte bitartekoentzat, eta 17:30ean 6 urtetik goitikoentzat. Pelikulez gozatzen duten bitartean, krispetak jateko aukera izanen dute neska-mutikoek.

Asteartean, abenduak 7, 20:30ean, helduentzako antzerki emanaldia izanen da Baratzondon. Tartean Teatroak, Patxo Telleria eta Mikel Martínez aktoreen eskutik, Ez dok hiru akustikoa eskainiko du, euskal kantutegian oinarritutako antzezlana. Hain zuzen ere berrehun euskal kantu zatitxo baino gehiago elkarrekin lotuz osatutako komedia ederra.

Kultur egunei behar bezalako akabaila emateko, abenduaren 8an, 16:30ean hasita, mus eta partxis txapelketa eginen da Baratzondon. Bikote bakoitzak 5 euro ordainduko du parte hartzeagatik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun