Zein da programaren helburua?
Hizkuntzaren errefortzua ikuspegi ludikotik eta ahozkotasunetik lantzea, euskara haien komunikazio tresna bihurtu dadin eta komunikatzeko trebetasuna lortu dezaten. Herriko bizitzan euskaraz murgiltzeko baliabideak ere eskaini nahi zaizkie.
Zein beharri erantzuteko sortu zenuten egitasmoa?
Zorionez gure eskualdeko familien gehiengoak euskarazko hezkuntza sistema (D eredua) aukeratzen du beren seme- alabentzat. Halere, familia horietan aniztasuna gero eta handiagoa da: gero eta gehiago dira euskaraz ez dakiten gurasoak, kanpotik etorritakoak, etab. Testuinguru horren ondorioz, azken urteotan ikastetxeetan ikusten hasi dira zenbait ikaslek, euskaraz eskolatuak egonda ere, zailtasunak dituztela euskara erabiltzeko, ikasteko eta baita ulertzeko ere. Zenbait kasutan horrek ondorioak ditu haien garapen akademikoan, eta kezka horretatik abiatuta sortu genuen.
Joan den urtean egin zenuten egitasmoa lehenengoz. Nolakoa izan zen emaitza?
Solasean pandemia betean abiatu zen, hain zuzen ere ikusi genuelakoz ikasle horiek eskolara joan gabe eman zuten denbora horrek lehendik zekarten arazoa haunditzea ekarri zuela. Proba gisa abiatu genuen, , eta hasieratik erantzun ona izan zuen: 2020ko urrian 17 ikaslerekin abiatu ginen, eta urtarriletik aitzinera baziren 27 izena emanak. Ikasturtearen akabailan balorazio inkesta bete zuten parte hartu zuten neska-mutikoek, gurasoek eta ikastetxeetako tutoreek. Oro har, balorazioak aski positiboak izan ziren, eta agerian gelditu zen programa honen beharra.
Eta nolakoa izaten ari da aurtengo kurtsoa?
Ikasturtea 27 neska-mutikorekin hasi dugu; 15 Beran eta 12 Lesakan. Bi begirale ditugu aurten ere, Haizea Etxeberria eta Ganix Arruti, eta biak egoten dira taldearekin, astearteetan Lesakan eta ortzegunetan Beran. Egitasmoa urriaren erdi aldera abiatu zen eta oraingoz dena aurreikusi bezala doa.
Haurren bilakaera positiboa da?
Bai, joan den urteko balorazioek hori erakusten dute. Halere, ez dugu pentsatu behar hori programari esker bakarrik gertatu denik, ikastetxean eta eskolaz kanpoko jardueretan ere euskaraz aritzen baitira. Programak bere mugak ditu, haur bakoitzak astean bi ordu bakarrik ematen dituelako bertan. Hortaz, euskalduntze prozesuan lagungarri izanen zaien bertze baliabide bat da.
Garapen akademikoan, programak duen eragina neurtzea zaila da. Ulertu behar duguna da haur hauei euskaraz aritzeko aukerak eta espazioak eskaini behar zaizkiela; zenbat eta gehiago, hobe.
Bertan integratzeari begira, programaren helburuetako bat da haurrekin herriko plazetara, parkeetara, kiroldegietara, liburutegietara… eta bertzelako espazio publikoetara joatea, ezagutu ditzaten eta euskaraz sozializa daitezen. Iazko ikasturtean zaila izan zen, osasun neurri zorrotzak bete behar zirelako, baina aurten gehiago heldu nahi genioke horri.
Haurren etxeko giroa ere garrantzitsua izanen da prozesuan…
Balorazio inkestan ikusi genuen familiek gustura hartu zutela programa, eta seme-alabak pozik joaten ziren saioetara, bertan ongi pasatzen baitzuten. Garrantzitsua da euskararekin eskolaz kanpo horrelako esperientzia positiboak izatea.
Etxeko giroari dagokionez, haur hauen etxeetan euskarak ez du presentziarik edo hagitz ttikia izaten du. Gurasoei transmititu nahi diegun mezua da haien seme-alabekin euskaraz solastatzeko aukerarik ez badute ere, gauza aunitz egiten ahal dituztela euskarak etxean ahalik eta presentzia handiena izan dezan. Adibidez, euskara eguneroko errutinetan erabiltzea agurretan edo esaldi laburretan, musika, telebista eta pantailaren aitzinean euskarari presentzia ematea eta euskararekiko jarrera positiboa erakustea.
Zerbait gehitu nahi al duzu?
Orain arte errandakoarekin, parte hartzen dutenak atzerritik datozen haurrak edota atzerriko gurasoak dituzten haurrak direla pentsatu daiteke. Hau ez da beti horrela, programan badira euskal herritarren seme-alabak ere.