'Etxe-izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera' hitzaldia Beran astelehenean

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 26a, 15:00
Paskual Rekalde (irudian) eta Andres IƱigo euskaltzainek emango dute hitzaldia.

Azaroaren 29an, 18:30ean, Kultur Etxeko erakusgelan Andres Iñigok eta Paskual Rekaldek Nafarroako euskal etxe-izenen ezaugarriak eta horien erabilera Beran nolakoa den azalduko dute.  

Etxe-izenak izanen dituzte hizpide Iñigok eta Rekaldek astelehenean. Nafarroako euskal etxe-izenen ezaugarriak azalduko dira eta horien erabilera nolakoa den Berako etxe-izenetan.

Etxeak nortasun berezia izan du euskal gizartean, batik bat. Nortasun horren seinaleetako bat da etxe-izenak agirietan eta modu ofizialean erregistratuak ageri direla Erdi Arotik hasita.  Gainera, ukaezina da euskal gizarteak etxearekiko izan duen eta duen lotura, sentimendua, errespetua, maitasuna eta oroitzapena. Izan ere, batzuetan etxeak eman izan dio deitura familiari eta, bertze aunitzetan, jabearen erreferentzia (izena, deitura, lanbidea, jatorria, izengoitia…) hartu izan du izentzat etxeak.

Solaskideak

Andres Iñigo Ariztegi (Ituren, Nafarroa; 1945) Filosofia eta Letretan doktorea da. Irakasle ibili zen urtetan Iruñeko Hizkuntza Estola Ofizialean. 1987ko uztailaren 24an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta euskaltzain oso 1999ko otsailaren 26an. 2020ko otsailean euskaltzain emeritu izatera pasa zen.

Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, Nafarroa; 1963) Euskal Filologiako ikasketak egin eta lizentzia bereganatu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea. 2003ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 2020ko uztailean euskaltzain oso.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun