Azaroaren 10ean egindako osoko bilkuran 2022ko aurrekontuak onartu zituen udalak aho batez. Guztira 4.284.356 euroko aurrekontua da onartutakoa, azken aurrekontuak baino 696.490 euro gehiago denera. Aurtengo aurrekontuetan ezin izan ditu kontuak berdindu, eta 44.304 euroko mailegu bat hartzea aurreikusi du udalak. Hala ere, udalaren zorra gutxitzen segituko dute 2022an, maileguen amortizaziorako 82.9942 euro bideratuko dituztelako.
Toki-erakundeen finantziazio sistema berria adostu du Nafarroako Gobernuak. Aurten %23,7ko igoera adierazgarria izanen da, eta 1.200.000 euro jasotzea aurreikusita dago. Tokiko Inbertsioen Plan berria ere adostu du Nafarroako Gobernuak, eta jasotzen den dirua ur hornidura eta zoladura hobetzeko erabiliko du udalak. Euskaldunan hasi eta Illekuetaraino doan ur sarea berritu asmo du udalak 2022an. Horretarako 174.000 euroko dirulaguntza jasotzea espero du. Fibrozementuzko hoditeria aldatzeko asmoa ere badu, eta 290.000 euroko gastua aurreikusten du horretarako.
1,1 milioi inbertsioetan
Inbertsioetarako 1.103,532 euro bideratuko dituzte. Atal horretan sartzen dira udal eraikinen mantentzea, espaloiak moldatzea, baserri bideak moldatzea, mugikortasun neurriak, eta bertze hainbat kontu. Gainera, auzoz auzo egindako bileretan jasotako eskariak betetzeko erabiliko da inbertsioetara bideratutako diruaren zati bat.
Langilegoari dagokionez, Musika Eskolako langileen lan baldintzetan hobekuntza egin da. Hiru irakasle obra kontratuarekin egotetik interino izatera pasa dira, eta musika eskolako idazkariari ere C mailako soldata berdintzen duen osagarria ezarri zaio. Bortzirietan Berdintasun teknikaria kontratatuko da eta 27.414 euro jarri beharko ditu horretarako Berak. 18.124 euro jasoko ditu dirulaguntza kontzeptuetan. Gainera, bigarren albinte bat hartzeko prozesua ere martxan dago, eta sei hilabeteko ordainsaria sartu du aurrekontuetan.
Funtzionamendu gastuei dagokionez, iazko partida gehientsuenak mantenduko dira. Kulturan, bestaren eta euskararen arloko diru partidak ere mantenduko dira.
Tasei dagokionez, %2 igoko dira. Udalak jakinarazi dudenez, ez da igoera esanguratsua, ikusita gaur KPIa horren bikoitza baino gehiago dela, eta heldu den urtean ere antzeko joera izango duela.
Diru laguntzak
Dirulaguntzen atalean udaleko fatxadako irudi polikromatuak berritzeko laguntza eskatuko da. 50.000 euro aurreikusten dira horretarako. Laguntza jasotzen bada eginen da, eta bertzela gerorako utzi beharko da. Halaber, kiroldegiko teilatuan autokontsumorako plaka fotovoltaikoak paratzeko dirulaguntza bat ere eskatu da. 40.000 euroko kostua du horrek, eta %85 IDAEk finantzatzea aurreikusten da.
Mendi garbiketa eta nekazaritzako azpiegituren moldaketarako 70.000 euro espero dira. Otsaileko sute handiaren ondorioz izan ziren kalteak finantzatzeko 250.000 euroko funtsa prest du Nafarroako Gobernuak. Diru horren zati bat ailegatuko da Berara nekazaritzako azpiegitura eta zuhaizti partikularretan egindako kalteak eta galdu diren abereak ordaintzeko.
Halaber, Ibardingo argiztapena eta euri uren sarea berritzeko 360.000 euroko diru sarrerak espero ditu udalak. Lan horiek Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak izanen dituzte, eta gasolindegiko kanona ere erabiliko da finantzatzeko. Kasu honetan udala bitartekaria da eta diru laguntzez harago, Ibardingo merkatari elkarteak ordainduko ditu gainerako gastuak.
Berako Udalak nabarmendu duenez, aurrekontu proposamena da onartutakoa. Urtea joan hala eta ezustekorik bada aldaketak egiteko malgutasuna izanen dela nabarmendu dute, eta aldaketa horiek Udalbatza osatzen duten guztien artean adostasunetara iritsiz egin nahiko lituzketela. Gainera, pandemiak okerrera eginen balu, osasunak lehentasuna izanen duela azpimarratu dute, eta dirua horretara bideratuko dutela.