Azaroak 25

Toki Ona institutuan hainbat ekitaldi eginen dituzte gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 24a, 14:30

Kurtso guztietako ikasleek izanen dituzte tailer, solasaldi edo film proiekzioak. Elkarretaratzea ere eginen dute bigarren atsedenaldian

1. DBHko ikasleek indarkeria matxistari buruzko muralen eta leloen sorkuntza tailerra izanen dute. 2. DBH mailakoek Moxie filma ikusiko dute. 3. mailako ikasleek bortizkeriari buruzko tailerra izanen dute Ikasle Abertzaleen eta ITAIA elkartearen eskutik. 4. DBHko ikasleek Nagore Laffageren kasuari buruzko dokumentala ikusiko dute eta ondotik bere amarekin, Asun Casasolarekin, solasaldia izanen dute.

Batxilergoko ikasleek ere gaia lantzeko aukera izanen dute. 1. batxilergoko eta zikloetako ikasleek eraso sexistei aurre egiteko Equalako tailerra izanen dute, neskek indarkeria matxistak hartzen dituen formen inguruko kontzientzia hartzeko eta ahalduntzeko, eta mutilek bertze maskulinitate osasuntsuak aztertzeko. Bortzirietako udalen laguntzari esker sortutako tailerra da. Batxilergoko 2. mailako ikasleek bi jarduera izanen dituzte; neskentzako autodefentsa tailerra eginen da eta mutilentzako maskulinitateari buruzko solasaldi filosofikoa.

Bukatzeko, bigarren atsedenaldian elkarretaratzea eginen dute institutuko eremuan ikasle guztiek. Horrez gain, kanpoko aldeko paretan ikasleek duela 3-4 urte egindako mural bat eta oihal more bat zintzilikatu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun