Alkaiagako Garbigunean egindako lehen merkatu txikia izan da antolaturiko lehen jarduera. Joan den larunbatean egin zuten bigarren eskuko gauzen azoka txikia, Alkaiagako Garbigunera egoera onean ailegatzen diren objektuekin. Egun arrakastatsua izan zen eta azoka txikira 250 lagun baino gehiago bertaratu ziren. Gauza aunitz saldu ziren, eta pisatu egin ziren berrerabiltzera bideratutako hondakinen kopurua ezagutzeko; denera, 1.226 kg.
Aste honetan ere Alkaiagako Garbiguneko ordutegian bigarren eskuko objektuak erostera joan ahal izanen da ordutegi honetan:
- Astelehenetik ortziralera 12:00etatik 15:00etara
- Azaroak 27, larunbata, 09:00etatik 13:00etara
Arrakasta ikusita, etorkizunean ere antzeko azoka berriz egiteko asmoa dutela nabarmendu dute antolatzaileek.
Fruta eta barazkiak erosteko poltsa berrerabilgarriak
Bigarren eskuko gauzen azokaz gain, hainbat kanpaina berri paratu ditu martxan Mankomunitateak. Horien artean, fruta eta barazkiak erosteko hiru poltsa garbigarri eta berrerabilgarri banatzeko kanpaina. Egun, fruta eta barazkiak erostean erabilera bakarreko zabor aunitz sortzen da, eta poltsa berri horiekin erabilera bakarreko poltsekin hondakinik ez sortzea nahi dute.
Poltsa horiek jendeari emanen zaizkie Bortzirietako Garbigunean, eta fruta eta barazkiak soltean saltzen dituzten dendekin ere zuzenean ari dira lanean, beren saltokietan ere banatzeko aukera egonen ote den aztertzeko.
Jatetxeetan janaririk ez botatzeko kanpaina
Bortzirietako Mankomunitateak Baztango Udalarekin batera, elikagaien xahuketaren aurkako kanpaina bat jarri du abian. Kalkuluen arabera, Nafarroan urtean batez bertze 75 kg elikagai botatzen dira etxeetan, eta kopuruak handiagoak dira ostalaritzaren sektorean.
Kanpaina honekin zaborrera botatzen den janari kopurua guttitzen saiatuko dira, eta, gainera, jatetxera joan diren bezeroei aukera emanen diete tupper batean jan ez duten janaria etxera eramateko. Ontzi horiek Nafarroako Hondakinen Partzuergoak erosi ditu eta plastiko konpostagarriarekin eginak dira. Beraz, gehiago erabiliko ez direnean, materia organikoarekin batera edukiontzi marroira bota behar dira, ez horira.
Oraingoz, Bortzirietako sei jatetxek erabaki dute ekimen honen alde egitea: Zalain jatetxea, Botxo ostatua, Lenkonea jatetxea, Zubiondo jatetxea, Kasiko ostatua eta Linddurrenborda sagardotegia. Horiei guztiei ontziak eta garraiatzeko kutxa ttiki batzuk banatuko dizkiete, bai eta sarrerako atean jartzeko itsasgarriak eta menuko edo kartako orrietarako txikiagoak diren beste batzuk ere.
Nafarroako Elikagaien Bankuarentzat janaria gordetzeko hozkailua
Mankomunitateak hozkailu bat ere erosi du Alkaiagako nabean paratu dutena, eta, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera, janari freskoen programari atxikitzeko eskatu zaio Nafarroako Elikagaien Bankuari, zerbitzu hori erabiltzen duten familien artean ontziratu gabeko bertzelako elikagaiak banatu ahal izateko. Bortzirietako ostatuak, jatetxeak eta janaria-dendak ere animatu dira saldu ez dituzten elikagaiak ematera, zaborrera bota gabe eta, hartara, Elikagaien Bankuaren eskaintza hobetzeko.
Erosketak egiteko poltsa berrerabilgarriak
Duela hilabete batzuk Mankomunitateak poltsak berrerabilgarriak erosi zituzten, sakelan sartuta eramateko modukoak. Horrela, erosketak egitera goazenean erabilera bakarreko poltsen ordez erabili eta sortutako hondakin kopurua murriztuko da.
Poltsa horiek Mankomunitateak udan etxez etxe egin zuen materia organikorako edukiontzi marroia ezartzeko kanpainan banatu ziren. Hala ere, ezin izan zen Bortzirietako familia guztiekin harremanetan jarri; beraz, eman ezin izan zitzaion poltsa eskuratu nahi duenak Mankomunitatera deitu edo Bortzirietako Garbigunera joan daiteke.