Condesak Nafarroan dituen hiru lantegiak, horien artean Zalain Transformados eta Mecanizados Zalain, ArcelorMittal multinazionalak erosi ditu

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 23a, 13:30

Condesa Taldea erosi du ArcelorMittal multinazionalak, eta erositako lantegien artean daude Condesa Taldeak Nafarroan zituen hiru lantegiak: Zalain Transformados eta Mecanizados Zalain Lesakan eta Perfiles de Precisión lantegia Berriobeitin.

Nafarroako hiru lantegiez gain, ArcelorMittal-ek Legution (Araba) dagoen Condesa Fabril eta Alemanian dagoen SRW Schwarzwälder Röhrenwerk lantegiak ere erosi ditu. Horiek guztiak orain ArcelorMittal Tubular Products Europe antolamendu-egituran sartuko dira.

Europako altzairuzko hodien ekoizle nagusia bihurtu da ArcelorMittal

Condesa Taldearen Espainiako eta Alemaniako lantegiak erosi ondotik, ArcelorMittal Tubular Products Europe bihurtu da Europako altzairuzko hodien ekoizle nagusia.
 
2016ko otsailaz geroztik, eta Condesa Taldearen berregituraketaren ondorioz, ArcelorMittalek zuen bere kapitalaren % 33a, eta gainerako % 67 banku pool baten esku zegoen: Santander, BBVA, CaixaBank, Kutxabank, Bankinter, Caja Rural de Navarra eta Banco Sabadell. Joan den ortziraletik, ArcelorMittal da Condesako akziodun bakarra, kapitalaren % 100 bereganatu ondotik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun