Lesakako feriak asteazkenean eta ortzegunean ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 23a, 09:00

Aurten plazan ez, baina frontoiaren gibeleko aparkalekuan berriz ere azienda lehiaketa ikusteko aukera izanen da.

Bezperan ajoarriero lehiaketa eta trikitilariak izanen dituzte eta egun handian azienda lehiaketa berreskuratu dute, baita herri kirolak, bertako produktuak eta musika ere.

Joan den urteko geldialdiaren ondotik, berriz ere feria usaina sumatuko da Lesakako karriketan azaroaren 24an eta 25ean. Ez da betiko ospakizuna izanen, baina aziendak, artisauak, bertsolariak, herri kirolak eta musika izanen da. Udalak antolatu ditu ekitaldiak, Beti Gazte, Bortzirietako bertso eskola, Lesakako Zerbitzuen Elkartea eta herriko abeltzainen eta gazteen laguntzarekin.

Bezperan ajoarriero lehiaketa

Azaroaren 24an, asteazkenean 18:00etan ajoarriero lehiaketa izanen da Beheko Plazan, Beti Gaztek antolatuta. Trikitilariak ere ariko dira. Bikoteka parte hartu beharko da eta bikote bakoitzak bi kilo bakailao, gas sukaldea, kazuela, zartagina eta behar dituen tresna eraman beharko ditu eta Beti Gazte elkarteak olioa, baratxuria eta gatza emateaz gain, 40 euro banatuko ditu bikoteko. Egunean berean, bikote bakoitzeko kide bat guttienez Beti Gazteko egoitzan egon beharko da 17:30erako. Lehenbiziko hiru bikoteek izanen dute saria.

Azienda lehiaketa ortzegunean frontoiaren gibelean

Biharamunean, frontoiaren gibelean azienda lehiaketa eginen dute, Plaza Zaharreko aparkalekuak elikagaiak izanen dira eta Plaza Zaharrean artisauak. Herriko komertzioa ere karrikara aterako da. 11:00etan herri kirolak ikusgai izanen dira Bittiria plazan. 13:00etan Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus bertsolariak ariko dira kantari Ezpelteneko terrazatik. Ondotik, azienda lehiaketako sari banaketa eginen dute. Behiak hiru ataletan banatuko dituzte: esne behi (suitzarrak…) eta haragitako (piriniarra, blonda…) hiru buru onenek 190, 160 eta 100na euroko sariak izanen dituzte eta larre behi onenei 150, 100 eta 70 eurokoak. Zaldi-aziendei dagokienez, sariak izanen dira zaldi onenentzat (125, 95 eta 50 euro), baita larre behor, pottoka, monturako eta poni onenentzat ere. Hauetan, 100, 50 eta 30na euroko sariak emanen dituzte hiru onenentzat. Duela bi urte bezala, aurten ez dira ahariak bakarka sarituko, gehienez bortz ardi eta ahari bat izanen duten artaldeak baizik. Artalde onenari 100 euroko saria emanen zaio, 90 eurokoa bigarrenari eta 70 eurokoa hirugarrenari. Lehiaketara aziendak aurkeztu behar dituztenek izena emateko azken eguna azaroaren 24a, asteazkena izanen dute. Horretarako 690 23 00 31 telefonora deitu, kultura@lesaka.eus helbide elektronikora idatzi edo Harriondoa kultur etxeko bulegora agertu beharko dute, 09:30etik 15:00etara.

Arratsaldean ere segida izanen du ospakizunak musikarekin, 18:30ean kontzertua emanen baitu Kilima taldeak, 19:00etan Beti Gazte kantari herrian barna ibiliko da plazatik abiatuta eta 20:30ean hasita, Distopia elektrotxaranga ibiliko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun