Azken hilabeteetan Lesakako Udalak herriko Turismo Plana eratu du, lo egiteko establezimenduen, ostalaritzaren eta biztanleriaren laguntzarekin. Plana hiru fasetan egin da: lehenik, Lesakako turismoaren diagnostikoa osatu zen; ondoren, aurtengo udako analisia egin zen; eta azkenik, hurrengo hilabeteetan aitzinera eramanen diren neurri eta proiektu-proposamenak azaldu zituzten. Turismo Plana Lesakako Udalaren webgunean eskuragarri dago irakurri nahi duenarentzat.
Udan 1.014 bisitari
Argi ikusten da turismoak Lesakan gero eta garrantzia handiagoa daukala. Aurtengo udan 1.014 bisitari igaro dira turismo bulegotik eta nahiz eta pandemiaren aitzineko datuetara oraindik ailegatu ez diren, 2020koak % 31n gainditu dituzte. Abuztua izan da hilabeterik oparoena. Jatorriari begira, gehienak estatuko espainiarreko bisitariak izan dira (%93a), baina aipatu beharra dago aurten Lesakan inoiz baino nazioarteko turista gehiago ibili dela. Hauen gehiengoa Frantziatik etorritakoak dira, baina izan dira Belgikatik, Herbehereetatik, Alemaniatik, Letoniatik eta Estatu Batuetatik etorritakoak ere. Estatu espainiarrekoei dagokienez, Valentziatik, Madriletik eta Bartzelonatik etorri dira batik bat. Gehienak familian edo bikotearekin etortzen dira, hemengo kultura eta zonaldeko herriak ezagutzeko asmoarekin eta aunitzek bizikleta edo oinezko txangoak egiten dituzte. Modu honetan, aurten Bidasoko Bide Berdea izan da Nafarroan gehien erabili dena.
Bederatzi bisita gidatutan 147 pertsona
Pasa den uda honetan, Lesakan bisita gidatuak ere eskaini zaizkie bai turistei, baita herritarrei ere, doan. Lesaka: gure kulturaren sorterria izenburuarekin, hauek igande eguerditan egin dira: guztira 9 bisita gidatu eta 147 pertsona.
Informazio bilerak asteartean eta ortzegunean
Datu itxaropentsu hauek eta Turismo Planaren eraketa kontutan hartuta, Lesakako Udalak turismo lan-talde bat osatu nahi du hurrengo hilabeteetan elkarlanean aritzeko eta koordinazioa lantzeko. Honen helburua, turismoaren inguruko agente guztiak kontuan hartzea izanen da eta denen artean, herriko turismoa dinamizatzea, herritarren eta turisten arteko ezinbertzeko oreka hori bilatuz. Turismo lan-talde honetan parte hartzera herriko establezimenduak eta herritarrak gonbidatuak daude eta honi buruzko informazioa hurrengo bileretan emanen da: Azaroaren 16an, astearte goizeko hamarretan eta hilren 18an, ortzegunean 19:30etn udaletxean.