Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Bortzirietan jubiloteka zerbitzua emateko lizitazio-iragarkia zintzilikatu du Nafarroako Kontratazio Atarian, eta interesa dutenek azaroaren 25eko 12:00 arte aurkezten ahal izanen dituzte eskaintzak, Nafarroako Kontratazio Atarian. Epea bukatuta, abenduaren 1ean, 09:00etan aztertuko dituzte eskaintzak.
2022ko urtarrilaren 1ean hasita, bi urteko kontratua izanen da, urtero luzatzeko aukerarekin. Baina bortz urte baino gehiagoz ezin izanen da luzatu.
Jubiloteka zerbitzua Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan emateko izanen da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, abuztuan eta jaiegunetan izan ezik.
Berako jubiloteka
Berako Lagun Haundiak elkartearen egoitzan izanen da jubiloteka, astelehenetan, asteazkenetan eta ortziraletan, 10:00etatik 13:00etara.
Lesakako jubiloteka
Harriondoa Kultur Etxean emanen dute zerbitzua, Zumarra gelan. Astean bi egunez bilduko dira: asteartetan eta ortzegunetan 10:00etatik 13:00etara.
Arantza, Etxalar eta Igantziko jubilotekak
Proba gisa Arantzan, Etxalarren eta Igantzin ere zerbitzua eman nahi dute, herri bakoitzean astean bi orduz. Herri bakoitzeko udalak erabakiko du tokia, eguna eta ordua.