Berrizaunen egon zen soldadu konpainiaren kontu zaharrak berri

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 14a, 09:00

Berrizaunen egon zen konpainiako soldaduak, Hita ostatuan.

Hogei bat urtez egon ziren soldaduak Igantziko bentetan, auzoko Hipolito Iparragirrek aipatu digunez.

Udaran hiru igantziarren gaztetako bizipenak idatzi genituen lerro hauetan. Oraingo honetan, Berrizaun auzora jo dugu bertako Hipolito Iparragirreren bizitzako pasarte bat kontatzeko. Iparragirrek aipatu digunez, «garai batean, Berrizaunen, Armas de acompañamiento soldadu kanpamendua  izaten zen: Campamento número 14. Gerra zibilaren ondotik laister hasi zen».

Iparragirrek gogoan duenez, «hemeretzi urte nituenean soldadu joan nintzen, Berrizaunen bertan. Orduan hemezortzi hilabete egiten  genituen soldaduskan. Bertan, instruzioa, guardiak eta martxak egiten genituen. Martxak Abelura, Berara,... izaten ziren: dena oinez. Nirekin batera Josetxo Etxarte eta  Fermin Otamendi igantziarrak, eta Anjel Yanci lesakarra egon ziren. Kapilla bat ere bazen. Hura ocreran egoten zen, lehen pintura fabrika zenean. Gutti goiti beheiti 50 lagun ginen: ofizial bat eta bi sargentu».

«Konpainia hogei urte inguru egon zen Berrizaunen»

 

Konpainia estazioan

Konpainia estazioan egoten zela ere gogoan du: «trena  egunean bizpahiru aldiz pasatzen zen eta guk guardiak bertan egiten genituen. Trena jendearekin eta sardina kontserbak egiteko allageekin (gaztainez egindako flejeak) ibiltzen zen. Paso-nibela Bidasoko zubiaren ondoan egoten zen».

Konpainia hogei urte inguru egon zen Berrizaunen eta alde guztietako gazteak etortzen ziren soldaduska egitera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun