IRANTZU PASTOR

«Enpatia beharrezkoa da emakumeen testigantzak argazkian biltzeko»

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 13a, 12:00

Irantzu Pastor, Indiako Tamashe dantzariekin.

Irantzu PASTOR ORDOKI, Lesakako argazkilaria

Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariarekin elkarlanean egindako Lumineszenteak liburua aurkeztu zuen Irantzu Pastor argazkilari lesakarrak urriaren 13an Bilbon. «Emakumeen kontrako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait» bildu ditu. Lan horiek biltzen dituen erakusketa ere ikusgai izan da urrian Bilbon eta, orain, batean eta bertzean erakustea gustatuko litzaieke.

Bartzelonako Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi zituen Irantzu Pastor Ordokik (Lesaka, 1985). Karreran zehar irudian espezializatu eta gero, argazkigintza dokumentaleko espezializazio bat ere egin zuen. Gero graduondo bat egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Gatazka egoeretako komunikazioan. «Hori guztia internazionalismoarekin ere paraleloan joan zen beti, eta Kolonbian, Guatemalan, Palestinan, Kurdistanen... ibili nintzen, hainbat erakundetan laguntzen, eta aldi berean argazki erreportajeak egiten», aipatu digu. Esperientzia hori 2018tik honat ontzen joan den liburu batean bildu du.

Lumineszenteak liburua argitaratu berri duzu, Igone Mariezkurrena kazetariarekin elkarlanean… Zer topatuko du irakurle-argazkizaleak?

Liburuak emakumeen aurkako indarkeria motak eta 63 emakumeren bizitzako historia eta argazkiak biltzen ditu, diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeenak, hain zuzen. India, Palestina, Lakota nazioan eta Euskal Herrian gauzatutako proiektua da. Kontakizunen protagonistak bortizkeriazko giroetan bizi edo hazi dira, hala nola, okupazio militar, pobretze, behartutako lekualdatze, genozidio edo asimilazio kulturaleko testuinguruetan. Egiturazko indarkeria horiek, baina, emakumeen eguneroko bizitza baldintzatzen duten eta halako errekonozimendurik ez duten bertze indarkeria sotilagoekin korapilatzen dira. Hain justu azken horiek atera nahi ditu argitara Lumineszenteak proiektuak; maiz erregistrorik, neurketarik eta izenik ere ez duten bortxak ikusaraziz, protagonisten erresilientzia balioan jarriz eta sufrimenduaren erromantizazioa arbuiatuz. Emakumeen inguruko diskurtso homogeneizatzaileak hautsi eta, horien ordez, begirada konplexuagoak bideratzeko saiakera bat da hau. Indarkeria patriarkalaren adierazpen-sorta zabala generoarekin, arrazarekin, etnizitatearekin, klasearekin eta sexualitatearekin nola gurutzatzen den ulertzeko ahalegin bat.

«63 emakumeren bizitza historia eta argazkiak biltzen ditugu»

 

2018tik elkarlanean aritu zarete proiektu honetan… Luze egin zaizue gauzatua ikusi arte? Nola izan da prozesua?

2018tik aitzinera, urtero gure 'bertze lanetak' oporrak erabili izan ditugu gure kabuz egin dugun proiektu hau gauzatzeko. Lehen bidaia Palestinara izan zen, ideia orokor bat genuen zer eta nola egin nahi genuen, baina bidaia horren bueltan, argiago ikusi genuen norantz bideratuko genuen lana, nola kontatuko genituen emakumeen historia horiek eta nola emanen genion forma guztiari. Urtero bidaia bat egin dugu ordutik, azkena 2020ko hasieran izan zen, Hego Dakotara, handik bueltatzean pandemia hasi zen eta horrek ere geldiarazi zituen bidaiak, mugitzeko zailtasunak, etxeetan sartzeko zailtasunak…Hasieratik argi genuen Euskal Herrian ere gaia jorratu nahi genuela, beraz... pandemiako azken urtean hori egiteko aprobetxatu dugu. 

Irantzu Pastorren liburuko argazkietan «diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeak» bildu ditu.

Emakumeen begiradan konplizitate bat sortzen dela aipatu izan duzu…

Bai, baina hori bilatu behar da aurkitzeko. Ezinbertzekoa da emakume horiengana umiltasunez eta errespetuz hurbiltzea. Beraien bizitzako traumak eta minak kontatzeko eskatu izan diegu, eta ate hori ireki izan digute, errespetutik eta hurbiltasunetik egin dugulako lan. Uste dut enpatia behar-beharrezkoa dela, emakumeen testigantzak aditzeko eta gero hori argazkitan islatzeko. Argazkietan ikusten diren begirada guztiak, ate irekiak dira, elkarrenganako begirada bat, ni eta emakume horren artean, eta denetan nire aldetik behitzat, admirazio puntu bat dute. Egoera hagitz gogorretan bizi diren edo trauma bortitzak jasan dituzten emakumeak direlako, eta hala ere, altxatu eta duintasunez begiratzeko gaitasuna izan dutelako.  Gu biek emakumeak izateak ere eragina izan du noski, emakumetik emakumera ulertu egiten gara hainbat indarkeria motatan sentitzen dena zer den. Hala ere, guk gure pribilegiotatik egindako lana ere badela argi dugu, emakumeak gara bai, eta horregatik aunitzetan zapalduak, baina aldi berean zuriak gara, Euskal Herrian jaio gara, etab,... horren kontzientzia hartzea ere beharrezkoa da.

«Gerra bukatuta nork berregiten du deuseztatutako sare soziala?»

Mundu zabaleko hainbat herrialdetan ibili zara, eremu gatazkatsuan aunitzetan… Emakumeenganako indarkeria oraindik bortitzagoa da eremu horietan?

Gatazka egoeretan ere, lehen lerroko protagonistak batez ere gizonezkoak dira. Armekin ikusten ditugu, gobernuetan agintzen, kaleetan, bileretan, preso politikoen argazkietan... baina non daude emakumeak? Gerra bat ofizialki bukatu denean, nork berregiten du deuseuztatu duten sare soziala? bitartean nork mantendu du familia? Nor dago isilpeko lana egiten? Inguruko guztien zaintza lanak bere gain hartzen? Beti dira emakumeak. Baina ez ditugu medioetan ikusten, ez dakigu zer sufritzen duten. Egon naizen herrialde guztietan ikusi dut gauza bera, Kolonbian denbora luzez egon naiz, bertako gatazka hurbiletik ezagutu dut, Kurdistan, Guatemala, Palestina,...

Zein izan da ibili zaren herrialdeen artean egoera gogorrenak bizitu dituzuna?

2017an Grezian eta Serbian ikusi nuena gogorra izan zen. Milaka gazte migrante afganiar Europako muga saltatu nahiean... Trenak moldatzeko barrakoi abandonatuetan bizirauten negu gorrian, bakarrik zeuden 10 urte inguruko haurrak ere bazeuden. Indian ere, Igonerekin batera, hainbat eta hainbat prostituzio mota ikusi genituen hurbiletik, auzo gorrietan egon ginen bertan lan egiten duten emakumeekin, baita putetxeetan sartu ere, gogorra izan zen.

Munduko fokutik gure ingurura pasatuz, emakumeen lixiba lana erreproduzitzen duen zure argazki bat ere paratu dute Zubietan… Gurean ere emakumeen lana eta emakumeenganako indarkeria gordean izan direla uste duzu?

Bai! Ilusio handia egin dit egia erran nirekin kontatu izanak. Gure inguruan ere, erran beharrik ez dago, emakume gehienak ere bigarren planoan egon direla eta daudela, etxeko lanak, zaintza lanak,... horiek guztiek ez dute inoiz errekonozimendu publikorik. Horrez gain, garbitokiek emakumeen arteko sareak indartu izan dituzte urtetan gure herrietan eta istorio aunitzen testigu dira pareta horiek. Herriko emakumeei aitortza bat da eta ekimen ederra bezain beharrezkoa da.

«Emakumearen lanak ez du errekonozimendu publikorik»

Zure argazkiak, bertzeak bertze, Gaztezulo aldizkariko portadetan eta Baztan-Bidasoaldeko turismo elkartearen webgunean ikus daitezke… Pertsona baten erretratua edo paisaia, zer da zailagoa? Zeinek betetzen zaitu gehiago?

Nire ustez, aunitzez zailagoa da pertsonen erretratu onak egitea, beraien izaera begirada batez erretratatzea. Zerk betetzen nauen gehiago? Horrek! Erretratatu beharreko pertsona bakoitza erronka bat da niretzat, misterio bat... Ez dakizu zer gertatuko den, konektatuko duzuen edo ez, nola jokatuko duen kameraren aitzinean... Niri pertsonak interesatzen zaizkit, kontatzen dutena eta gordetzen dutena. Dena nabaritu daiteke argazki batean. Horrez gain, horrelako argazkiak egiteak inoiz hurbildu edo ezagutuko ez nituzkeen egoera eta pertsonak ezagutzea permititu dit, behartu dit, erosotasunetik atera eta «Aizu barkatu, argazki bat egiten ahal dizut? Nor zara? zein da zure historia?» galdetzera... komoditatea eta erraza dena alde batera uzten duzunean, zerbait berria ikasten duzu beti, eta leku berri batera ailegatzen zara, ezberdin egiten zara. Horrek betetzen nau.

«Erretratu beharreko pertsona bakoitza erronka bat da niretzat, misterio bat…»

Zuri-beltza eta kolorea, biak erabiltzen dituzu… Noiz zein?

Argazki eta egoerak erraten dit zer eskatzen duen. Normalean kolorean egiten dut lan, baina badira zuri-beltza eskatzen didaten argazkiak. Ez nuke jakinen arrazoitzen, sentsazio bat da, zuri-beltzera aldatu eta denak funtzionatzen du. Edo alderantziz.

Hurbileko argazki horien artean, seguru 2019ko San Fermin Egunean ahizpari Zubigainekoa dantzatzen ateratakoak leku kuttuna duela zure bihotzean…

Batzuetan zaila da argazki ona edo txarra den norberak erratea... Izan ere, argazkiak momentu horretan bizitzen ari zinenarekin erlazio zuzena du, oroitzapen bat da, argazkian izozturik utzi duzun emozio bat. Egun horretan urduri, harro eta zoriontsu sentitzen nintzen, dena batera, argi nuen momentu historikoa zela herriarentzat, emakumeontzat... Egia erran, kostatu zitzaidan burua 'obturazio zenbaki eta denboretan' pentsatzen jartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun