Arribeko bi aizkolariek lortu dute lehen mailara igotzea Igantzin

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 8a, 15:00

Eskuinetik hasita ezkerrera: Amundarain txapelduna, Soroa txapeldun ordea, KaƱamares, Indakotxea, Telletxea eta Juankar Unanua, Igantziko alkatea.

Txomin Amundarain txapeldun izan zen eta Ibai Soroa bigarren igande eguerdian jokatutako finalean. Juankar Unanua, Igantziko alkateak banatu zituen txapelak eta sariak.

Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatu zuten azaroaren 7an, igande eguerdian Igantziko pilotalekuan. Bi lehenbizikoek irabazi zuten heldu den urtean lehen mailan aritzeko txartela eta biak herri berekoak suertatu dira, Arribekoak. Txomin Amundarain izan zen txapeldun eta Ibai Soroa bigarren.

Bortz aizkolari aritu ziren lehian, tartean eskualdeko bi: Beintza-Labaiengo Jon Telletxea eta Zubietako Mikel Indakotxea. Azken postua saihesteko borroka izan zen bien artean.

Bortz enbor moztu behar izan zituzten: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Arribeko Txomin Amundarain izan zen bizkorrena. 16 minutu eta 2 segundo behar izan zituen lana burutzeko, Ibai Soroa herrikideak baino minutu erdi gutiago (16.32). Bigarren postu hori lortzeko lehia estua izan zuen Soroak Xuban Kañamaresekin eta azkenean hiru segundogatik nagusitu zitzaion.

Aipatu bezala, azken postua saihesteko borroka izan zuten eskualdeko bi aizkolariek. Azkenean, Mikel Indakoetxea zubietarra lau segundogatik nagusitu zitzaion Beintza-Labaiengo Jon Telletxeari. Zubietarrak 19 minutu eta 36 segundo behar izan zituen eta labaiendarrak 19 minutu eta 40 segundo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun