Lesakako Udalak argiteria publikoaren hobekuntzaren lehenengo fasea bukatu berri du

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 8a, 14:00

200 farola edo argi baino gehiago aldatu dituzte eta 118.835 euroko inbertsioa egin da, horietatik 86.528 euro Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren bidez lortuak.

 

Hilabete batzuk dira Lesakako argiteria publikoaren berritze lanen lehen fasea bukatu zituela udalak, eta aldaketa hauen emaitzak agerikoak dira dagoeneko. Herriko argiteriaren auditoria energetikoa egin ondotik, bertan azaldutako lehentasunak segituz, lehen faseari ekin zion udalak. Lan hauetan berrehun farola edo argi baino gehiago aldatu dira. Zehazki 118.835 euro inbertitu dituzte lan hauek ordaintzeko, horietatik 86.528 euro Nafarroako Gobernuak diruz lagunduak, eta gainerakoa Lesakako udalak ordaindua.

Auditoriaren arabera, Lesakan argiteria publikoaren kontsumo energetikoa 141 KWh zen biztanleko, Nafarroako batezbestekoaren gainetik (133kWh biztanleko).

Argiteriaren berrikuntzaren lehen faseari honetan, Antoiu karrikako koadroko farolak aldatu dira LED argiak jarriz, bai eta herriko hainbat alde eta eraikin historiko nabarmentzeko hainbat argi berezi ere (Onin errekakoak, Zabaleta dorrea...).

Soilik aldatutako faroletan egindako hobekuntzen ondorioz, eraginkortasuna, eta aurrezpen energetikoa nabarmen hobetu eta kutsadura luminikoa murriztu da.

Hasierako estimazioen arabera, urtero 7.500 euro aurreztuko dira argindarrean, baina egokitzapen batzuei esker eta elektrizitatearen kostua ikusirik, aurrezpena haundiagoa izanen dela uste du udalak. Instalazioak gaur egungo araudietara egokitu dituzte, egoera hagitz kaskarrean eta segurtasun akatsekin baitzegoen argi sarea. Era berean, telegestio bidez erregulatzen ahal dira argiak, honek eskaintzen dituen aukera guztiekin.

Lehen fase hau bukatuta, pausu gehiago eman dira, hurrengo fasetako proiektuak eta bertzelako dokumentazioa prestatuz. Orain diru laguntzak lortzeko lanean ari da udala, ahal den heinean herriko argiteria guzia hobetzen joateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun