Easo abesbatza mistoaren eta organo kontzertua izanen dituzte larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 9a, 11:00

Easo abesbatza mistoak kantatuko du azaroaren 13an Lesakako elizan eta Oscar Candendok organoa joko du.

Easo Abesbatzaren eta Oscar Candendo organistaren emanaldia  larunbatean 18:00etan hasiko da

Lesakako Roques Organoaren Lagunen Elkarteak (AAORL), Lesakako Udalaren laguntzarekin, 2021erako aurreikusitako kontzertu-sortako azkena antolatu du. Azaroaren 13an, larunbatean 18:00etan eskainiko dute kontzertua Oscar Candendo Zabala organistak eta Donostiako Easo Abesbatza mistoak. Sarrerak Lesakako Telletxea eta Xagu liburu-dendetan paratu dituzte salgai (baita elizan bertan ere, kontzertua hasi baino lehen), 5 eurotan, “borondatezko ekarpen” gisa.

Kontzertuaren irudiak, hainbat kamerak hartuak, pantaila batean proiektatuko dira. Horrek aukera emanen die bertaratuei ikusteko nola interpretatzen duten musika koruan.

Azaroaren 13koaren aitzinetik, martxoan, Ignacio Arakistain organista eta Oleg Sarapulov biolontxelo jotzailea izan ziren kontzertua eman zutenek; ondoren, ekainean, Jean-Marie Philippe Guilmard Hendaiako organistak eta oraingo honetan, kontzertuaren formatua organo eta koruarena da.

 

Bidaia txiki bat musika erromantikon barrena

Donostiako EASO Mixto Abesbatzak Oscar Candendo Zabala organistarekin batera eskainiko duen kontzertuaren errepertorioak koru eta organorako idatzitako musika erlijioso erromantiko alemaniar eta anglosaxoira hurbilketa txiki bat eginen du (J. Brahms 1833-1897, A. Bruckner 1824-1896, F. Mendelssohn 1809-1847, E. Elgar 1857-1934). Bertan, garai historiko honetan erlijio-errepertorio musikalak liturgiatik espiritualtasunerako egin zuen igarobide humanistikoa zehaztuko da.

Era berean, kontzertu honek Manuel Roqués-ek 1891n eraikitako organo erromantiko bikainak eskaintzen dituen baliabideak balioesteko aukera emanen du; hau, gainera, Lesakako San Martin de Tours eliza monumentu-multzoak duen interes kulturaleko ondaretzat hartzearen zati garrantzitsua da.

 

Lesakako Roqués Organoaen Lagunen Elkarteak 2021ean berriro lortu du gizarte-intereseko aitorpena, eta elkartetik berriro ere dei egiten diete partikularrei eta enpresei Mecnaren bidez 2021eko abenduaren 31 baino lehen dohaintza egin dezaten, dagozkien zerga-abantailak jaso ditzaten.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun