Ttikitako pasioa
«Beti egon naiz musikaren inguruan bueltaka». Haurra zela hasi zen Berako musika
eskolan gitarrarekin eta pianoa eta saxofoia jotzen ere ikasi zuen. 18 urte zituela, ordea, kantatzen hasi zen. «Mikroaren aitzinean eroso sentitu nintzen eta poliki-poliki hori lantzen segitzen dut».
Etxean izan du erreferentziarik handiena; «Estitxu nire arreba izanen ez balitz, aunitzez ere gehiago kostatu izanen zitzaidan erabakia hartzea. Ondoan izan dut beti eta hamaika gomendio eman dizkit». Baina ez da erreferentzia bakarra izan, «ez dakit zenbat aldiz aditu ditudan Pettiren abestiak» eta sortzaileek ere eragina izan dute Pinatxorengan; «ezin alde batera utzi Igor Telletxea». Kanpora begira, bertze hainbat erreferentziazko artista izan ditu: «Bruno Mars, Charlie Puth, Damien Rice eta Chris Cornell».
Hala ere, ez ditu instrumentuak alde batera utzi. «Gaur egun, pianoa konposatzeko erabiltzen dut, gitarra nire kabuz gehien lantzen dudana da eta saxoa Elutxa txarangan eta Berako eta Lesakako bandekin jotzen segitzen dut».
Azken Trenaren abiatzea
Unibertsitateko lehen urtean «Jon Macicior eta bioi kontzertu bat egin genezakeela bururatu zitzaigun eta kanta batzuk prestatzen hasi ginen. Carlos Goikoetxeari aipatu genion kajoia jotzeko eta kontzertuak ematen hasi ginen abestien bertsio akustikoak egiten». Taldea aldatzea erabaki zuten eta Mattin Arbelaitz bateriarekin eta Manex Ormazabal baxu-jotzailearekin «izaera aldatu eta gure abestiak idazten hasi ginen». Azken Trena sortu zuten.
«Abestiak idazteko prozesuan aunitz disfrutatzen dut»
Jokin PINATXO OLAZIREGI, musikaria
Gitarra akustikoa elektrikoarekin aldatzean, «eszenatoki handiagoak zanpatzeko gogoa» sortu zitzaien, eta hainbat herritan jotzen hasi ziren. «Taldearen lorpenik handiena eta gehien emozionatu nauena Lesakako bandarekin Mikel Laboari egindako omenaldia izan zen. Ikaragarrizko erronka izan zen baina emaitza bikaina izan zen eta pertsonalki inoiz hartu dudan lanik handiena izan da».
Zerotik diskoa grabatu zuten Elkar argitaletxean Victor Sanchez teknikariarekin. «Nahiz eta hasieran inpresio pixka bat egin, segituan etxean bezala sentitu ginen eta elkarlana bikaina izan zen».
Pinatxok idazten ditu abestiak, «beti gustatu izan zait sormen prozesu hori». Musikarekin hasi eta letra paratzen die gero, ondotik musikariei aurkezten die bakoitzak nola ikusten duen jakiteko. «Horrela emaitzak aberatsagoak dira». Bada denbora taldea ez dela elkartzen, «bakoitzak bere bidea egin du eta hainbat lekutara eraman digute, elkartzea ezinezkoa bihurtuz».
Etxetik mundura
Etxetik musika ekoizten ikasi du itxialdian, «pila bat gozatzen dut ekoizpen, grabaketa eta nahaste prozesuarekin nahiz eta oraindik aunitz dudan ikasteko». Ekipoa «poliki-poliki» lortzen joan da, «oraindik ere oinarrizko gauzak ditut, baina denborarekin eta ikasi ahala lan-tresnak aldatzen joanen naiz».
Youtube du erakusleihoetako bat, «noizbehinka abestiren bat igotzen dut, baina maizago egitea gustatuko litzaidake. Plataforma ona da, mundu guztiak ezagutzen du eta bertze artisten lanak kontsumitzeko ere erabiltzen dut».
Plataforma honen bidez Gaztea Cover lehiaketan parte hartu du aurten eta 200 bideo baino gehiagoren artean Pinatxorena hurrengo fasera pasatu zen. «Sorpresa polita izan zen. Bertsio akustiko bat egin ez zuen bakarrenetakoa izan nintzen eta horrek bereizi ninduela erranen nuke».
Telebistan ere ikusi izan dugu, eta kameraren aitzinean eta jendaurrean bere burua «eroso» ikusten duela aitortu du. «Horrelako gauzetarako konfiantza dezente dut eta dena ongi prestatuta eramaten dut beti».
Etorkizunera begira
Musikariz betetako herri batean bizi da Pinatxo. «Belaunaldiz belaunaldi pasatzen ari den zerbait da. Aspalditik segitu ditut Estitxu Pinatxo, Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Igor Telletxea… eta azkenean beraien bidearekin segitzeko gogoa sortu zitzaidan».
Etorkizunera begira, «proiektu berri batekin nabil buru- belarri eta denbora guttira eginen dugu publiko. Ikaragarrizko gogoarekin nago dena martxan paratzeko eta mugitzen hasteko. Ibilbide berri honetan lagun berriak elkartuko gara eta benetan izugarrizko ilusioa egiten dit».