Uholde arriskuari aurre egiteko plana aurkeztuko du Berako Udalak asteartean

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 7a, 10:00

Berako Xubi Xabal inguruak urak hartua 2013an.

Life Nadapta Europako proiektuaren barne, asteartean, azaroaren 9an, Berako Kultur Etxean Uholde arriskuari aurre egiteko planaren aurkezpena eginen dute. 19:00etan hasita, Aitor Elexpuru Berako alkatearekin batera, Nafarroako Gobernuko hainbat teknikarik hartuko dute hitza. Helburua uholde kasuetan «kudeaketa hobetzeko moduari buruzko ezagutza handitzea» da, «herritarren eta komunitatearen babesa sustatzeko eta arrisku eta mehatxuei aurre egiteko».

 

Aurkezpen saioa 19:00etan hasiko da. Aitor Elexpuru alkateak ongietorria eginen du eta segidan Pedro Zuazo Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko buruak hitz eginen du. Bere ondotik, Amaya Ruiz Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoko buruak Life Nadapta proiektua aurkeztuko du.

Segidan, Berako uholde arriskuari aurre egiteko plana aurkeztuko dute Aitor Elexpuru Berako alkateak eta Javier Loizu NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketako uraren alorreko kideak. Gainera planaren nondik norakoak aletuko dituzte Tesicnor enpresako  Santiago Pangua, David Gonzalez ea Beñat Uskola adituek eta galdera-erantzunetarako tartea ere izanen da. Ekitaldia borobiltzeko Jose Javier Boulandier Nafarroako Gobernuko Babes Zibil eta Larrialdi Zerbitzuetako zuzendariak hartuko du hitza.

Beratarrei eta Berako entitate publikoetako, gizarte eta ingurumen erakundeetako, tokiko garapen elkarteetako, kirol elkarteetako, enpresetako, partzuergoetako, nekazaritzako sindikatuetako kideei eta interesa izan dezakeen pertsona orori egin diete astearteko aurkezpenera joateko deia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun