Etxalarko gazteek antolatutako asteburua bikaina suertatu da

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 3a, 16:00

Mus txapelketan 28 bikote aurkeztu ziren eta patata tortilla txapelketan 37 talde aritu ziren lanean.

Etxalarko gazteek antolatuta, ekitaldiz beteriko asteburua izan zen urriaren hondarrekoa. Ortziralean Berri Txarrak taldearen Dardara filma ikusgai izan zen Kultur Etxean.

28 bikote musean

Larunbatean, berriz, 28 bikotek hartu zuten parte mus txapelketan eta Alfonso Sueskunek eta Mikel Donazarrek irabazi zuten txapelketa, Elutsa ostatuak emandako otordua irabaziz. Bigarren postua Martin Legazkuek  eta Jesus Mari Ezkurrak lortu zuten eta botila ardoa eta gasna erdi bana irabazi zuten.

37 patata tortilla lehiaketara

Patata tortilla txapelketak aurreikuspen guziak hautsi zituen. 37 tortilla lehiatu ziren eta epaimahaiak ez zuen lan xamurra izan hiru onenak aukeratzen. Azkenean honela gelditu zen sailkapen orokorra: Txapeldunak Ixa Barberena, Itziar Etxarte eta Oihana Sanzberro izan ziren eta Herriko Ostatuak emandako otordua irabazi zuten. Bigarren postuan, Sonia Rubio, Sergio Ibero eta Paul Intillaque gelditu ziren eta botila txanpaina eta zartagi bana jaso zuten. Hirugarrenak, berriz, Janire Telletxea, Ane Telletxea eta Naiara Otxoteko izan ziren eta hauek botila ardoa eta gasna erdi bana irabazi zuten.

Burrunba elektrotxarangak ere giro aparta jarri zuen karriketan egunari akabera ona emateko.

Etxalarko gazteek eskerrak eman dizkiete laguntzaileei, epaimahaiari eta asteburuko ekitaldian parte hartu zuten guztiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun