Hiru adingabe salatu dituzte Beran apustu makinetan eta makina txanponjaleetan ibiltzeagatik eta baita ostatuko jabea ere hori uzteagatik

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 3a, 11:52

Hemezortzi urtetik beherakoek debekatua dute apustu makina eta makina txanponjaleetan jokatzea.

Foruzaingoak Berako hiru adingabe salatu ditu apustu makinak eta makina txanponjaleak erabiltzeagatik. Gainera, makina horiek dituen ostatuko jabea ere zigortuko dute adingabeek jokatzen uzteagatik. 

Salatutako adingabe horietako bati foruzainek konfiskatu zioten 5 euroko txartela.

Astelehen arratsaldean paratu zituen salaketak Foruzaingoak. Zehazki, lau salaketa paratu zituzten: bi salaketa makina txanponjaleek erabiltzen ari ziren bi adingaberi, bertze salaketa bat kirol apustuen makinan jokatzen ari zen hirugarren adingabeari eta, laugarren salaketa makina horiek dituen establezimenduko jabeari adingabeak jokatzen uzteagatik. 

Nafarroako Jokoaren 16/06 Foru Legeak zehazten duenez, hemezortzi urtetik beherakoak debekatua dute apustu makina eta makina txanponjaleetan jokatzea. Arau hori hausten duenak 60 eta 3.000 euro arteko isuna jaso dezake. Makina horietan adingabeei jokatzen uztea ere zigortzen du araudiak, zehazki 6.001 eta 600.000 euro arteko isuna har dezake hori baimentzen duenak. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun