Hildako senideak oroitzeko eguna hurbiltzen ari dela, garrantzia handiagoa ematen diote hilerria txukuntzeari, «badakigu egun garrantzitsua dela, jendeak ohitura handiagoa du kanposantura joateko eta loreak uzteko, eta dena ahal bezain garbi utzi nahi izaten dugu».
Hilerri ttikia du Berak «eta biztanleria geroz eta handiagoa da», beraz, nitxoak eta kolunbarioak «hilobi faltari aterabidea emateko» soluzio bat direla azaldu digu Irache ehorztetxeko Andoni Anduezak. Hautsak errazago eta erosoago kudeatzen dira, lan guttiago eskatzen dute eta garbiagoak dira. «Egia da, gure inguruko jendearen lehenbiziko aukera lurperatzea dela, erraustuta ere», gure kulturan sustrai sakonak dituen ohitura baita.
Hala ere, geroz eta jende gehiagok alternatibak bilatzen ditu; «hautsak mendian edo errekan botatzea, adibidez». Azken urteetan interesa piztu duen bertze metodo bat hildakoen errautsekin bitxiak egitea da: hildakoaren hauts eta hezurrekin egindako bitxiak. Gure familia eta lagunei azken agurra emateko mila modu dauzkagu, baina aukeratzen duguna aukeratzen dugula, argi izanen dugu beti oroituko ditugula.