Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak probestuz, hainbat berrikuntza egin ditu Arantzako udalak frontoian. Batetik, itaxurrei aterabidea eman bidenabar, frontoiko teilatua berritu eta teilatuan eguzki-panelak paratu dituzte. Horrez gain, led argiak paratu dituzte.
Gastuak
Led argiak paratzea 6.339,19 euro gosta da. Instalazio fotovoltaikoaren gastua, berriz, 24.264,51 eurokoa izan da, eta horietatik 18.494,96 euro instalazioa egiteko izan dira. Eguzki-paneletatik sortutako energia herriko eraikin publikoetara bideratzeko asmoa du udalak. Frontoiko teilatua moldatzeak, bertzalde, 17.999,25 euroko gastua sortu du.
Dirulaguntzak
Lan horiek egin ahal izateko, udalak bi dirulaguntza hartu ditu Nafarroako Gobernutik: tokiko ekonomia sustatzeko eta Covid-19ak sortutako beharrei erantzuteko laguntzak, hain zuzen. Zehazki, gastu osoaren % 85 gobernuak ordaindu du, eta gainerako % 15a udalak.