Maria IRIGOIEN

«Emakumeek suizidatzeko saiakera gehiago egiten dituzte»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 30a, 14:00

Maria IRIGOIEN OTIÑANO, Berako psikiatra.

«Betitik gustatu» izan zaio suizidioen prebentzioa eta horixe izaten ari da Maria Irigoien Otiñano psikiatraren ibilbide profesionalaren oinarria. Suizidioari buruzko hainbat ikerketa egin ditu eta orain esku artean duenarekin ikusi du «medikuek bertze herritarrek baino suizidatzeko arrisku handiagoa dutela».

«Suizidatzen den gehiengoa gizonezkoa da, baina emakumezkoek saiakera gehiago egiten dituzte». Halaxe, argi eta garbi, adierazi du Maria Irigoien Otiñanok (Berako, 1984). Psikiatra da lanbidez, suizidioen prebentzioan aditua, eta gaur egun medikuen artean suizidioari buruzko estatu mailako ikerketa bat zuzentzen ari da. Hortik ondorioztatu du «medikuek gainerako herritarrek baino suizidatzeko arrisku handiagoa dutela, bereziki emakume medikuek». «Prebentzio estrategiak» exijitu ditu eta «geure buruaren erantzuleak gu garela» ere nabarmendu du: «zain dezagun geure burua». 

Suizidioen prebentzioan aritu zara lanean...
2013an, nire espezialitatea egiten ari nintzenean, Madrilgo Jimenez-Diaz Fundazioko  suizidio arriskuen prebentzioaren kontsultategian ibili nintzen, nire tesiko zuzendaria izan zen Enrique Baca medikuaren lantaldean. Handik itzulita Lleidako nire nagusiari gaia proposatu nion eta baimena eman zidan. Betitik suizidioen prebentzioa hagitz gustukoa izan dut. Psikiatriako ZIUa bezalakoa da. Pazienteak bizitzaren eta heriotzaren arteko orekan borrokan ari dira, eta profesionalarentzat hagitz estimulatzailea da. Nire ikerketa guztiak suizidioari buruzkoak dira.

Azken ikerketen arabera, 2019an Nafarroan 45 suizidio kasu izan ziren eta 2020an 43...
Suizidioak erregistratzerakoan   egiazki izan direnak baino kasu guttiago zenbatzen dira, bai suizidioak baita suizidio saiakerak ere. Hortaz, segur aski kopurua handiagoa izanen da. Nafarroak 650.000 biztanle baldin baditu, 100.000 biztanleko 6,92ko suizidio tasa izanen litzateke. Estatu mailako tasa baino ttikiagoa da, 100.000 biztanleko 7,79koa da, eta Europakoa 100.000 biztanleko 11,93koa. Heriotza aunitz dira, baina datu itxaropentsuak  dira, beharbada prebentzio arloan garatu dituzten estrategien ondorio. Herritarrak neurri batean kontziente dira errealitate horretaz. Informazioa hor dago eta gero eta informazio gehiago ematen dute, baina bakoitzak erabakitzen du zeri buruzko informazioa eman. 

«Krisi sozialak daudenean gizarteak elkartzeko joera du eta bizirauteko sena nagusitzen da. Baina gizarte hau gero eta zatikatuagoa eta polarizatuagoa dagoela ikusita, zaila da sinestea fenomeno hori errepikatzea»

Zer diozu datuen bilakaerari buruz?
Bilakaera horren esperoan nago. Konfinamendu garaian suizidioari lotutako larrialdi kasuak beheiti egin zuten, baina Lleidan, adibidez, ez dugu suizidio kopuruaren daturik, beti beranduago ailegatzen direlako. Krisi garaietako suizidio kasuen gorakadari buruzko literatura zalantzagarria da. Jakina da depresio ekonomikoen garaian, suizidioek goiti egiten dutela, baina hondamendiak gertatzen direnean, gerrak izan direnean edo irailaren 11ko atentatuen ondotik, adibidez, suizidio kasuek beheiti egin izan dute. Hortik ondoriozta daiteke krisi sozialak daudenean gizarteak elkartzeko joera duela eta bizirauteko sena nagusitzen dela. Baina gizarte hau gero eta zatikatuagoa eta polarizatuagoa dagoela ikusita, zaila da sinestea fenomeno hori errepikatzea eta taldearen indarrak gutako bakoitza babestea.

Nola prebenitu daiteke suizidioa?
Gaur egun, arrisku-faktore nagusia lehendik suizidatzen saiatu izana da. Ezinbertzekoa da arrisku-talde horiei osasun zerbitzu espezializatua eskaintzea eta zuzeneko jarraipena egitea. Gizarteko alor guztietan prebentzio estrategiak landu behar dira. Osasun sisteman, hezkuntzan, gizartean... osasun arreta, sentsibilizazioa eta arriskuaren identifikazio goiztiarra egiteko osasun politikak hobetu behar dira.

Badira prebentzio politikak?
Suizidioaren kontrako estatu mailako plan bat lantzen ari dira. Erkidegoz erkidego estrategia zehatzak egin dituzte, eta orokorrean arreta goiztiarra eta jarraipena egiteko neurriak zehaztu dituzte, baina estatu mailan irizpideak eta erregistroak bateratzea falta da. Horrekin batera, medikuen institutuekin hitzarmenak behar dira eta autopsia psikologia indartuko balute, ezagutza handiagoa izanen genuke. 

Suizidioa gizarteko eta osasun publikoko arazotzat hartua da?
Bai, suizidioa mundu mailako osasun arazotzat hartua da. Baina gizarteko eragile guztien aldetik inplikazio handiagoa behar da, bai politikarien aldetik, baita gizarte zibilaren aldetik ere. Gizarte elkartuagoa eta solidarioagoa behar dugu. 

«Heriotza-pentsamenduak nahiko sintoma dira osasun laguntza eskatzeko»

Zein dira alarma seinaleak?
Suizidiorako jarrera dutenen % 90ak psikiatriako aurrekariak ditu. Hala diote autopsia psikologikoen azterketek. Diagnostikorik ohikoena depresioa da, baina nahasmendu psikotikoetan ere gerta daiteke, batez ere gaixotasuna hastear denean. Edozein kasutan, heriotza-pentsamenduak nahiko sintoma dira osasun laguntza eskatzeko.

Arrisku-faktoreak aipatu dituzu. Gehiago zehaztuko zenituzke?
Suizidatzen direnen gehiengoa gizonezkoa da, baina emakumezkoek suizidatzeko saiakera gehiago egiten dituzte. Eta hori ikerketak egin diren herrialde guztietan ondorioztatu dute, Txinan izan ezik, han alderantziz gertatzen baita. Arrisku-faktore nagusia lehendik suizidiorako izan dezakeen jarrera da eta suizidio saiakera batetik bizirik ateratzea ere arrisku-faktorea da. Baina badira bertzelako faktoreak ere: langabezia, bakardadea, adin-tarte jakin batzuk, toxikoen kontsumoa...

«Arrisku-faktore nagusia lehendik suizidiorako izan dezakeen jarrera da»

Badago profil argirik?
Pazienteen ezaugarri garbirik ez dago, baina badira hainbat datu. Suizidatzen saiatu ziren 711 pazienterekin egindako lagin batean, saiakera aunitz egindako pazienteak eta hagitz metodologia hilgarriak erabilitako pazienteak nolakoak ziren zehaztu genuen. Profil hori okupazio faltarekin lotuta zegoela ondorioztatu genuen, suizidatzen saiatzerakoan metodologia bortitza erabiltzen zutenak eta aurrekari psikiatrikoak zituztenak zirela, bereziki depresioa zutenak eta psikiatrian lehendik ospitaleratutakoak izandakoak. 

Gaia tabua dela uste duzu?
Bai, neurri batean bai. Iduri du komunikabideak gero eta ardura handiagoarekin jokatzen dutela, informazioa emanez eta sentsazionalismotik aldenduz. Epaitu eta banalizatu gabe, informazioa emateak izan behar du horren oinarria. 

Zenbat eta zergatik kostatzen zaigu suizidioari buruz solastatzea?
Suizidioari buruz solastatzea gehien kostatzen zaienak biziraun dutenak dira, hau da, suizidioaren bitartez hurbileko norbait galdu dutenak. Eta hori akats larria da, biziraun duten horiek orokorrean bertze herritarrek baino suizidatzeko arrisku handiagoa dutelako. Paradoxa irudi dezake, baina suizidioa bizitzaren parte da. Gure antzinakoen artean sakontzen badugu, ohikoa da familian suizidio kasuak aurkitzea. Suizidioa bizitzako bertze fenomeno bat da, baina hagitz mingarria.

Zergatik izan daiteke garrantzitsua gaiaz solas egitea?
Arriskuan egon daitekeena identifikatzeko eta hari laguntzeko, eta bertzeak arintzeko.

Pandemiak nolako eragina izan du buruko osasunean?
Hainbat etapa izan dira. Konfinamendu garaian larrialdietako kasuek beheiti egin zuten eta nire kasuan, pazienteak maiatzera arte telematikoki artatu nituen. Espektro psikotikoaren nahasmendua, bipolaritatea edo nahasmendu obsesiboa bezalako patologiarik larrienak egonkor mantendu dira, etxean egotea eta gehiegi ez sozializatzea erosoagoa egiten zaielako, aunitzetan harremanetarako zailtasunak izaten dituzte eta... Sustantzia toxikoak kontsumitzen dituztenen kasuan, ordea, konfinamendua hasi zenetik goiti egin dute larrialdietako kasuek eta aurrekaririk gabeko pazienteen artean ez dira sintoma berri gehiegi agertu. Hala ere, ekonomiaren bilakaerak izan dezakeen inpaktua nolakoa izanen den eta zaurgarrienak babesteko neurriak hartuko dituzten edo ez ikusteko esperoan nago. 

«Medikuek gainerako herritarrek baino suizidatzeko arrisku handiagoa dute»

Gaur egun, alde batetik, medikuen artean izandako suizidioei buruzko ikerketa zuzentzen ari zara. Azalduko diguzu?
Espainiako Mediku Elkargoen Erakundeak eskatuta, medikuntza lanbide dutenen artean suizidioari buruzko ikerketa bat egiten ari naiz eta estatu mailako datuak esku artean, lehenbiziko aldiz, medikuek gainerako herritarrek baino suizidatzeko arrisku handiagoa dutela ikusi dugu. Bertze herrialde eta kulturetan egin diren ikerketetan duela hamarkada batzuk nabaritu zuten joera hori. Ikerketa honetan, bertzalde, adinari dagokionez medikuen artean izaten diren suizidio kasuak orokorrean herritarrean artean baino beranduago izaten direla ikusi dugu. Ez hori bakarrik. Saiakerak are kaltegarriagoak dira, beharbada metodoa aukeratzeko duten ezagutzagatik eta erraztasunagatik. Horrez gain, suizidioa gizonezkoen artean baino ohikoago da emakumezkoetan. Emakumezko eta gizonezko medikuen artean ezaugarri berak ikusi ditugu, baina emakumezkoetan lanbidea eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak gehitzen dira. Orokorrean, medikuoi gehiago kostatzen zaigu pazientearen rola hartzea eta gure lanbidean estigmaren beldur gara. Horregatik garrantzitsua iruditzen zait medikuen elkargoen lana, sintomak izan eta bere lana arriskuan jar dezakeen medikua identifikatzeko. Lana behar bezala egiteko baldintza egokietan egotea betebehar deontologikoa da. 

Eta bertzetik, medikuen suizidio saiakeretan pandemiak izan duen eragina aztertzen ari zara...
Bai, medikuen artean pandemiak izan duen eragin psikologikoari buruzkoa ikerketa da. 3.150 medikuren lagina hartu dugu, estatu mailako medikuen % 1 baino zertxobait gehiago.  % 6,1en artean suizidiorako jarrera sumatu dugu, bereziki bakarrik bizi diren emakumezko medikuen artean, ohikoak ez diren ospitaleko hainbat alorretan lan egin behar izan dutenen artean eta alkohola edaten duten medikuen artean. Pandemiak honek ezaugarri bereizgarri batzuk ditu medikuentzat: lankideen heriotzak edo gaixotasunak, norbera eta hurbilekoak kutsatzeko beldurra, etengabe protokoloak aldatzeak sortzen duen ziurgabetasuna, hasieran eduki zuten material falta, erabaki eztabaidagarriak hartzea... Horrek guztiak lehendik zauritua zegoen sistema batean tentsioa areagotu du, eta konponezina izan daitekeen haustura sortu aitzinetik egoera bideratzeko guztion enpatia eta konpromisoa beharko dira. 

Gazteak eta haurrak ere arrisku-taldean daude?
Bai. 24 urtez azpikoen artean suizidioa da heriotzaren jatorri nagusia. Maila psikopatologikoan aztertzeko kolektibo konplexua da. Hainbat faktore hartu behar dira kontuan: inguruarekiko mendekotasun handia dute eta horrek zaurgarri bihurtzen ditu, berehalakotasuna nahi dute eta heldutasun kognitiboa falta dute. Azken horrekin erran nahi dut ez direla jabetzen heriotza itzulezina dela. 

«Pandemian suizidioari lotutako jarrera eta elikadura nahasmendu kasuetan gorakada sumatu dugu»

Pandemiak nola eragin die?
Suizidioari lotutako jarrera eta elikadura nahasmendu kasuetan gorakada sumatu dugu. Egoera delikatua tokatu zaie, oraindik osatu gabea zuten egitura airean gelditu baitzaie. 

Suizidatzen saiatu denarentzat zein izan daiteke tratamendurik egokiena?
Dudarik gabe, aditu batek jarraipen zorrotza egitea. Antidepresiboei buruz aunitz idatzi dute, baina depresioaren diagnostikoa saiakeraren aitzineko pausoa dela ikusita, sintomak identifikatzea eta jarraipen zorrotza egitea garrantzitsua da.

Zein aholku emanen zenuke?
Aholkuak ematea harrokeria izan daiteke, baina eginen dut. Zain ezazue zeuen burua. Garrantzitsua da bizitzeko helburu bati eustea, zaila baita norabiderik edo motibaziorik gabe bizitzea. Autonomoak izaten saiatu behar dugu, mendekotasunik gabe bizitzen, horrek frustrazioa eragiten duelako. Gure helburuak lortzeko bidean, konstanteak izan behar dugu, emozioak zainduz. Eta zailtasunak arrazionalizatzen eta gatazkak gain hartu aitzinetik soluzioak bilatzen saiatu behar dugu. Ahalik eta modu koherenteenean bizitzea garrantzitsua da, eta gorputza zaintzea eta ohitura osasungarriak izatea ere bai. Aisialdia eta jakin-mina landu eta gure pozak eta tristurak bertzeekin partekatu behar ditugu. Elkartua dagoen gizarte batek zailtasunak gaindi ditzake eta momentu zailetan, oinarri sendoak baldin baditugu, aiseago eta agudoago sendatuko gara.  

«Bizitza guk uste baino sinpleagoa da. Denok ditugu gure nahigabeak, eta eta horiek kudeatzea gure esku dago»

Zerbait gaineratuko zenuke?
Autonomia pertsonala eta afektiboa izatearen beharra nabarmendu nahi dut. Bertzeei gauzak exijitzeko ohitura dugu eta gure frustrazioen erantzuleak kanpoan bilatzen ditugu. Baina alderdi guztietan gu gara geure buruaren erantzule. Bizitza guk uste baino sinpleagoa da. Denok ditugu gure nahigabeak, eta denak mingarriak dira, eta horiek kudeatzea gure esku dago. Baina aldi berean aukerak eta ahalmenak ditugu, eta horiek probesten eta partekatzen jakin behar dugu. Bila dezagun gure bertsiorik hoberena eta erakuts dezagun. Ongi portatzeaz ez gara inoiz damutuko eta horrek ongizatea sortzen du.

Irigoien ezkerretik hasita bigarrena, Lleidako Medikuen Elkargoko idazkari karguan, Espainiako Mediku Elkargoen Erakundeko presidente eta idazkari nagusiarekin.

Hotela amestetik «osasunaren hotelean» lan egitera

«Ez zen erabat bokazioz egindako aukeraketa izan. Nik hotel bat eduki nahi nuen». Halaxe aitortu du Maria Irigoienek. Baina azkenean medikuntza jo zuen begiz eta bide horretan segitzen du buru-belarri: «Amak beti animatu gintuen ikastera, ahizpa eta biok ekonomikoki independenteak eta autonomia pertsonala izatea nahi zuen». Horri bere «ikasteko jarrera ona» gehitu zitzaion: «ez nuen aisialdi handirik eta esfortzuarekin eta dedikazioarekin selektibitatean nota ona atera nuen». Onartu duenez, «hotela buruan segitzen dut», baina gaur egun «ezin dut neure burua lan hau gabe irudikatu, nire izatearen oinarria da. Batzuetan ospitaleak osasuna ematen duten hotelak direla pentsatzen dut eta horrekin konforme nago».  

Medikuen elkargoan

Bokazioa izan edo ez, 36 urterekin ibilbide oparoa egiten ari da. 2009an EHUn Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen. BAME barneko mediku egoiliarren oposizioak Oviedon (Espainia) prestatu zituen eta 2014an Lleidako Santa Maria Unibertsitate Ospitalean (Herrialde Katalanak) psikiatrian espezializatu zen. Aldi berean, Lleidako Medikuen Elkargoan lanean aritu izan da, eta 2012tik 2014ra mediku egoiliarren saileko presidentea izan zen eta 2015etik 2019ra Lleidako Medikuen Elkargoko idazkari nagusi. «Beharbada izan dudan ohore handienetariko bat izan zen. 30 urterekin ardura handiko kargua hartu nuen». Bere ustez, «elkargoak profesionalengandik eta gizartearengandik urruti dauden erakundetzat hartuak dira, baina ez da horrela. Bere helburu nagusia medikuntzako deontologia betetzen dela bermatzea da, gizartea eta profesionalak babesteko». 

Suizidioari buruzko tesia

Geroztik «poliki-poliki elkargoko lana utzi» du, eta «gaur egun Espainiako Mediku Elkargoen Erakundeak eskatuta, medikuen artean suizidioari buruzko estatu mailako ikerketa bat» zuzentzen du. 2019an Espainiako Biologia Psikiatria Elkarteko bazkide ikertzaile izendatu zuten, eta «2020an egin nuen ikerketa bati aipamen berezia eman zioten». Gehiago ere bai: «Bartzelonako Unibertsitatean (Herrialde Katalanak) osasun zerbitzuen kudeaketaren eta zuzendaritzaren inguruko master bat bukatzen ari naiz eta udazken honetan, Lleidako unibertsitatean, suizidioari buruzko tesia aurkeztea espero dut». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun