«Gu ere kontsumitzaileak gara eta, sinesten ez badugu ere, boterea gure eskuetan daukagu». Hala adierazi zuen Patxiku Irisarri Elizagoienek (Etxalar, 1969) Nafarroako EHNE sindikatuko idazkari nagusiaren kargua hartu berritan, eta hala berretsi dio TTIPI-TTAPAri, «gure saskia betetzeko gure eskuak erabiltzen ditugula» oroitaraziz. «Lurretik hurbil eta bere lanean sinesten duen nekazaritza eta abeltzaintza eredua» aldarrikatu du. Horrekin batera, baserri munduarekin duen harremana «lotura, etena eta hurbilketa» hitzekin laburbildu du: «lotura 1990ean hasita 17 urtez ahateak gizentzen aritu nintzelakoz, etena hamahiru urte sektoretik kanpo eman nituelako eta orain hurbilketa, amaren ustiategia hartu behar dudalako».
Nafarroako EHNEko idazkari nagusiaren kargua hartu berria duzu. Lau urtez sindikatua zuzenduko duen lantaldean sartu zara. Zein dira erronka nagusiak?
Erronka nagusia afiliatuen beharrei erantzutea da, baita zerbitzuak ematea ere: Nafarroako Gobernuarekin mintzatzea, presioa egitea, negoziatzea eta nekazariei modu antolatuan ahotsa ematea.
Nafarroa iparraldeko eta hegoaldeko nekazariak eta abeltzainak bildu zarete lantaldean...
Fermin Gorraiz lehendakaria da, itotako Itoitz herrikoa eta haragitako behiak dituena. Patxi Enjake Abaurregainakoa da eta esnetako ardiak ditu. Lezaungo Javier Osesek haragitako behiak ditu. Diego Alonso alesbestarrak baratzea du eta Cortesko Antonio Albak zerealekin lan egiten du. Josu Jorajuria donamariarrak esnetako ardiak ditu eta Sartagudako Alberto Benitok mahastiak eta fruta-arbolak. Nafarroa luze eta zabalean hartzen duen lantaldea bildu gara.
«Gure eskuak erabiltzen ditugu gure saskia edo gurditxoa betetzeko eta gure eskuekin hartzen ahal ditugu zero kilometroko janariak edo produktu ekologikoak»
Kargua hartu zenuen egunean boterea gure eskuetan dagoela nabarmendu zenuen. Azaldu...
Ideia sinplea baina indartsua da. Pandemiarekin ikusi da inoiz baino beharrezkoak garela janaria ekoizten dugulakoz, eta horretarako gure eskuak erabiltzen ditugu. Baina aldi berean kontsumitzaileak gara eta hor dago gu guztion indarra; gure eskuak erabiltzen ditugu gure saskia edo gurditxoa betetzeko eta gure eskuekin hartzen ahal ditugu zero kilometroko janariak edo produktu ekologikoak. Edo gure auzokoei ere erosten ahal dizkiogu soberan dituen produktuak. Baina erabaki horiek hartzeko prest egon behar dugu.
Nolako nekazaritza eta abeltzaintza eredua aldarrikatzen du EHNEk?
EHNE sindikatuaren eredua familiarra da, lurretik hurbil dagoena eta bere lanean sinesten duena.
Abeltzaintzak eta nekazaritzak badute erreleborik?
Erreleboa zaila da toki guztietan. Bistan da erreleboan sartzen diren gazteek ez dituztela beraien gurasoen ideiak, eta gaur den egunean gauza gehiago egin behar dira aitzinera ateratzeko. Adibidez, zure produktuaren eraldaketa zure gain hartu behar duzu edo zure produktua zuzenean saldu etekin gehiago ateratzeko.
«Zein sektore ez dago krisian? Sistema kapitalista honek krisi ziklikoak sortzen ditu»
Sektorea krisian dago?
Zein sektore ez dago krisian? Sistema kapitalista honek krisi ziklikoak sortzen ditu, eta gurean, sektore zabala garenez, batzuetan batzuk krisian daude eta bertzeak hobekiago, eta bertzeetan alderantziz. Momentu honetan, esnearen sektorea larri dago. Joan den urtean bildotsak erregalatzen aritu ziren... Errentagarria izateko ezin da orain dela 30 urte bezala lan egin. Janariaren kate horretan zenbat eta gehiago kontrolatu, orduan eta lan gehiago egin beharko da baina aldi berean, irabaziak ere gehiago izanen dira.
Zein da NPB dirulaguntzen inguruan EHNEren iritzia?
NPB Nekazaritza Politika Bateratua berritzen ari dira eta aukera historiko baten aitzinean geunden. Geundela erraten dut, EHNEk muga batzuk eskatzen zituelako eta Espainiako Gobernua ez dagoelako muga horiek jartzeko prest. Muga horiekin nekazarien artean NPB dirulaguntzen banaketa hobea eskatzen genuen.
Nolako nekazaritza politikak aldarrikatzen dituzue?
Nekazaritza politikak prezio justuan oinarritu behar dira, baina ez dituzte horrela egiten. Gordinki erran behar da; sistema kapitalista honek NPB dirulaguntzak prezioak apaltzeko edo gure erosketako saskia ez garestitzeko erabiltzen ditu.
Pandemiak nola eragin dio lehenbiziko sektoreari?
Jendea etxean eta ostatuak itxita, jaitsiera galanta nabaritu zen haragiaren sektorean, baita edarigintzan ere, ardogintzan. Lanean beti bezala segitu genuen, baina ekonomikoki ederki sufritu genuen.
Pandemia garaian nekazarien eta abeltzainen etekinak igo edo jaitsi egin dira?
Joan den urtean baino gehiago aurten ari gara jaitsiera nabaritzen. Joan den urtetik hainbat produktu stockean geldituak ziren eta horrek aurtengo prezioak apaltzea eragin du.
«Itxialdian, hasieran, jendeak bertako produktuak eskatzen zituen. Baina hori poliki-poliki atzentzen ari zaigu».
Itxialdiak bertako produktuekiko joera areagotu zuen?
Hasiera batean bai. Jendeak bertako produktuak eskatzen zituen. Zirkuitu laburrak sortu ziren, baina hori poliki-poliki atzentzen ari zaigu.
Azken hamarkadetan zertan aldatu da nekazarien lana?
Lehen nekazarien lana produkziora mugatzen zen. Orain eraldaketan eta zuzeneko salmentan ere ari behar du nekazariak.
«Nekazaritza estentsiboa akabo da otsoa etortzen bada»
Espainiako Gobernuak otsoa babesteko espezien zerrendan sartzea ez duzue begi onez hartu. Azalduko zenuke?
Otsoa bai edo ez erradikal horretan, badaude ñabardura batzuk. EHNE sindikatuak ez du nahi otsorik gure mendietan. Otsoak, noizbait Nafarroara etortzen bada, nekazaritza estentsiboarekin bukatuko du. Ez da kasualitatea Espainiako Gobernuak dekretua onartu eta lau autonomia erkidegok helegitea aurkeztu izana. Erkidego horietan daude otsoen % 95. Beraz, badakite zerbait otsoez eta orain arte modu kontrolatuan mantendu izan dituzte. Argi erranda, tarteka uxaldiak (batida) eginez hil izan dituzte. Hiltzeak ez du erran nahi denekin akabatzeak, kontrolatua izatea baizik. Orain ezin izanen dira hil. Horren inguruan leitzen nuen, oreinak, orkatzak eta basurdeak kontrolatzeko balio duela otsoak. Ni otsoa banintz eta menuan oreina, basurdea edo ardia edukiko banitu, bistan da nora joanen nintzatekeen, ahularengana, hau da, ardiarengana.
Nekazaritza Ministerioak estatu mailan behi ustiategien tamaina arautzeko asmoa du. Nafarroan Caparrosoko makroetxaldea hor dago...
Eta horren kontra gaude. Orain dela 30 urte, esnetako behien 1.500 etxalde zeuden. Gaur egun ez dira 150era ere ailegatzen... Sektorearentzat desastre hutsa da.
«Sektorearentzat desastre hutsa da Caparrosoko makroetxealdea»
Nola ikusten duzu nekazaritzaren eta abeltzaintzaren etorkizuna?
Badago etorkizuna. Janaria edo lehengaiak ekoizten ditugu eta jan gabe ezin bizi. Beraz, etorkizuna hor dago. Baina badira arriskuak ere, ama zelularekin haragi puskak egiten edo 3D ereduan txuletak egiten ari direla ikusita... Bakoitzak ikusiko du zer jaten duen. Bere eskuetan dago indarra, baita geure buruaren esku ere.
Cederna Garalur elkarteko presidentea ere bazara. Zein proiektu dituzue esku artean eskualde honi lotuta?
Azaroaren 14ra arte udalek eta partikularrek proiektuak aurkezteko aukera izanen dute. Proiektuen artean, berriz, belaunaldien arteko erreleboa lantzen ari gara.
Eta etorkizunera begira?
Urrian 30 urte beteko ditugu eta bertze hainbertze egitea izanen da erronka. Hala ere, ez dugu atzendu behar Cederna Garalur elkartea eta Nafarroan dauden bertze hiru garapen agentziak, nolabait errateko, Nafarroako Gobernuaren menpe daudela. Azken finean, Europako Batasuneko dirulaguntzak banatzeko sortutako erakunde bat da.