Zortzigarren urtez aurten ere txondorra prestatu dute Igantziko Irrisarri Land parkean. Bihar piztuko dute, eta Julian Iantzi kazetari eta aurkezle lesakarra omenduko dute. Bera arduratuko txondorra pizteaz, eta ikatzaren museoko enbor batean bere eskuen arrastoa ere utziko du.
Txondorra eraikitzeko, inguruko basoko 18.000 egur-ikatz kilo erabili dira, bereziki gaztainondoarena eta haritzarena. Behin txondorra piztuta jendea borondatez arituko da txondorra zaintzen eta abendurako ikatza izanen da. 5.000 bat kilo ikatz lortzea espero da, azken urteetan bezala jatetxeko parrillan erabiltzeko datorren denboraldian.
Txondorra pizteko ekitaldi berezia antolatu dute aurten. 18:00etan hasita, txalaparta doinuak eta joaldunak izanen dira, eta Gorka Zabaleta musikariak emanaldia eskainiko du. Gainera parkeko tabernan 21:00ak arte pintxo potea izanen da.
Astelehenetik aitzinera parkea itxita
Datorren astelehena, azaroaren 1a izanen da parkea publiko orori irekita egonen den azken eguna. Izan ere urtarrilaren 2ra bitartean hotelean edo txaboletan dauden bisitarientzat bakarrik egongo da zabalik.