OIER IANTZI ORDOKI

«Guttitan gertatuko da Beti Gazte hirugarren mailan ikustea»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 30a, 13:00
Lesakako Beti Gazte taldeko jokalari beteranoena da Oier Iantzi.

Oier IANTZI ORDOKI, Lesakako Beti Gazte taldeko futbol jokalaria.

Lehen partidak jokatuta, emaitzak ez dira «nahi bezalakoak» izan Oier Iantzi Beti Gazteko jokalariarentzat. Azken denboraldia du taldean eta hirugarren mailan jokatzen «gozatu» nahi du.

«Joko aldetik nahiko ongi, baina emaitza aldetik ez sobera». Halaxe deskribatu du Oier Iantzi Lesakako Beti Gazte futbol taldeko jokalari beteranoak taldeak hirugarren mailan egindako denboraldi hasiera. Azken urteak Gipuzkoako Ohorezko mailan eman ondotik, iazko ekainean lortu zuen igoera Beti Gaztek, eta, hau idazterakoan, lehen hamar  jardunaldiak jokatuta, zazpi puntu bakarrik eskuratu dituzte.  31 urterekin taldeko jokalari beteranoena da Iantzi, eta lesio baten ondorioz, oraindik hirugarren mailan debutatzerik izan ez badu ere, «ilusioz» bizitzen ari da etapa berria.

Hasiera gogorra

Hasiera emaitza aldetik espero bezain ona izan ez bada ere,  orain arte egindakoaren «balantze positiboa» egin du jokalari lesakarrak: «Guttitan gertatuko da Beti Gazte hirugarren mailan ikustea eta aprobetxatu  behar da».  Denboraldi hasiera «gogorra» izan da bere hitzetan eta partidak «hagitz gogorrak» izaten ari direla dio: «Dena ongi egin beharra dago, bertzela  akats ttikienarekin ere gola egiten dizute». Gipuzkoako Ohorezko Mailatik Hirugarren mailarako kategoria aldaketa «anitz» nabaritzen dela dio Iantzik, eta oraindik ere egokitzen ari direla. Hala ere, esperantza  badu, eta taldea hirugarren mailan utzi nahiko luke denboraldi bukaeran.

«Salto handia egin dugu eta hobekuntza nabaria da»

Izan ere,  futbolean jokatzen urte anitz eman ondotik, Iantzik erabakia du azken urtea izanen duela Beti Gazteko jokalari gisa: «Hau izanen da nire azken denboraldia Beti Gazten». Iaz ere zalantzan ibili zen utzi edo ez utzi, baina igoeraren ondotik, azken denboraldia hirugarren mailan «gozatzeko» aprobetxatu nahi du. «Hirugarren mailan egotearen esperientzia bizi nahi nuen, eta segitzea erabaki dut bertze urte batez. Debutatzeko irrikitan nago».

Talde indartsua

Azken urteetan Mastegin egindako «lan serioari esker» argi du talde indartsua utziko duela Beti Gazten: «Azken hamar urteetan salto handia egin dugu, eta hobekuntza nabaria da». Gainera, beheko kategorietatik iritsitako jokalariak «hagitz ongi» egonkortu direla iruditzen zaio, eta «fitxaketa berriek ere taldea osatzen lagundu» dutela.

Azken urteetan taldearen bizkarrezurra izandako jokalari batzuek taldea utzi ondotik, fitxaketa batzuk egin ditu taldeak aurten. «Igoera lortu zuen taldea Bortziriak eta Malerrekako jokalariek osatzen zuten. Lesakarrak ginen gehienak eta bertze herri batzuetako jokalariren bat ere bazegoen». Aurten, aldiz, urrutirago joan dira jokalari berriak eske, «Hondarribia eta Irun aldera, baina ez urrutiegi. Hala ere, oraindik ere oinarria herriko jendea da».

Ilusioa nagusi

Lesakan, eta batez ere Beti Gazteren zaleen artean egun bereziak izan ziren ekain erdialdekoak. Eibarren kontrako finala galdu arren, mailaz igotzea lortu zuen Beti Gaztek.  Iantzik ere ilusioz oroitzen du iazko denboraldi bukaera. «Igoera hagitz zaila izan zen, aurkariak Lesakaren aldean  herri koxkorrak dira, Elgoibar, Hernani, Oiartzun...» Igoera zaila izanagatik, ilusioz oroitzen du ekain erdialdea: «Hagitz egun politak izan ziren, inoiz ez nuen espero horrelako zerbait pasako zenik. Modu intentsioan bizi izan genuen, ilusio handia zegoen eta urduritasuna ere bai».

«Gola egiteko akats txikiena aski dute taldeek maila honetan»

Aurtengo denboraldian ere iazko ilusio bera mantendu nahi du Oier Iantzik. Gainera, taldeko beteranoa izaki gazteekin jokatzea egokitu arren, «hagitz gustura» dagoela dio. «Gaztetatik hasi diren jokalariak dira, eta gustura egoten naiz beraiekin. Gainera, denak hagitz ongi egokitu dira taldera eta hagitz jokalari onak dira». Futbol jokalari gisa eginen duen azken denboraldian, orain arte bezala gozatzen segitu nahi du, eta argi du taldea hirugarren mailan utzi nahi duela, «esperantza hori daukat eta saiatuko gara!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun