Katu bat zuen lagun min, Pitxi. «Gosez hilda agertu zen errepide bazterrean, norbaitek han utzia, eta jatera ematen hasi nintzen». Bere laguntzailea bihurtu zen agudo, «nirekin aritzen zen zulo guzietan, kaxaren gainean egoten zen. Aunitz laguntzen zidan, mingainarekin burua eta begiak orrazten zituen bitartean». Hainbertze urtez kanposantuan lanean, «kontatzeko aunitz» du Biurrarenak. «Familia berekoak agudo hiltzen baziren, zulo handia egin behar nuen, bertzela ttikiak gelditzen ziren eta problemak izaten genituen». Batzuetan hildakoak atera behar izaten zituen zuloak handitzeko, «baina ez zait aunitzetan pasatu, zulo handiak egiten nituelako».
Herri batean ez bazen bertzean, Biurrarenak ia egunero ikusi ditu hilberriak eta heriotza, eta ohitu bazen ere, «errespetuarekin» aritzen zen beti. «1.100 pertsona baino gehiago» hilobiratu ditu lanean ibili den urteetan, «beti puntual eta beti errespetuz, momentu latzak izaten dira eta gauza hagitz serioa baita». Hildakoaren familiarekin ere aunitz tratatzen zuen.
Gaur egun, ASPACEk zaintzen eta garbitzen du Berako kanposantua, eta lana «hagitz ongi» egiten dutela dio. Duela hamahiru urte erretiratu zen Biurrarena, baina 77 urterekin batzuetan oraindik ere deitzen dute. «Ezetz erraten diet». Hala ere, kanposantura joaten segitzen du, «baditut 1992tik zaintzen ditudan panteoi eta hobiak eta oraindik ere garbitzen eta zaintzen ditut Santu Guztien Egunean».
Egun berezia da Santu Guztien Eguna aunitzentzat, hildakoak oroitzeko eta kanposantura loreak eramateko eguna baita, baina ehorzlearentzat bereziki, «lan gehiago» izaten baitzuen. «Aitzineko egunetan batez ere, dena garbitzen, prestatzen eta pintatzen» ibiltzen zen, «jende aunitz joaten delako». Egun horretan loreak eramaten zituztenei «loreetan hainbertze gastatu beharrean, diruaren erdia niri emateko erraten nien» kontatu digu txantxetan, «baina ez nuen lortu».