Amua antzezlana emanen du Axut! taldeak urriaren 31n, igandean 19:00etan Harriondoa kultur etxean. Sarrerak 8 eurotan eskura daitezke dagoeneko Lesakako udalaren webgunean. Maite Larburu, Manex Fuchs eta Ximun Fuchs aktoreak izanen dira taula gainean.
Sinopsia
Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bertzea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar aunitz maitatu dute, elkar aunitz maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batentzat bada ere, barne kalapita galantak eraginen ditu. Oihan basatia, oreinak eta onddoak tarteko, bakoitzak pentsatzen duenaren, erraiten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatetan, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?.