Irunberri, Erriberri, Zangoza eta Iruñeko bortz gaztek osatzen dute Ibil Bedi taldea. Lesakan Beltxarga beltza diskoa aurkeztuko dute urriaren 30ean, larunbatean 20:00etan Harriondoa kultur etxean, Bira Nafarroan Barna programaren barrenean. Sarrera 5 euro kostako da eta dagoeneko eskura daiteke Lesakako udalaren webgunearen bitartez.
Ibil Bedi taldea
2019ko ekainean karrikatu zuen Ibil Bedi taldeak lehenengo diskoa Berandu baina garaiz izenpean. Urte horren hondarrean bertan Bide Zuzena-Teilaturantz kantu bikoitza atera zuten, oraingoz taldearen bideoklip bakarraz lagunduta. Aurten ikusi du argia taldearen bigarren lan luzeak: Beltxarga Beltza, konfinamenduarekin batera hondutako hamaika kantu biltzen dituena.
Maitasunaz mintzo dira, zalantzez, ezustekoez, galeraz eta bizitakoez gehienbat. Kantuak, orokorrean, poparen bueltan ibiltzen dira, nahiz eta bestelako ukitu batzuk soma daitezkeen zenbaitetan.
Taldekideak
- Amets Aranguren Arrieta: saxoa, ahotsa eta teklatua
- Eder Escalera Llorente: bateria
- Javier Larrañeta Iribarren: baxua
- Ibai Osinaga Gogorcena: gitarra eta ahotsa
- Areta Senosiain Elorza: biolina eta teklatua